Kontzeju-etxeko eskailera aldatuko da

Guaixe 2019ko uzt. 30a, 10:48

Egungoak malda handiegia du eta egokitu nahi dute. Bestelako lan txikiak egiteko baliatuko dute.

Etxarrengo Kontzejuak lehen solairura igotzeko eskailera aldatu nahi du, bere ezaugarriak eta egitura ezaugarriak optimizatzeko. Migel Anjel Irurtia Sario kontzeju-buruak azaldu digunez, “eskailerek malda handia dute. Gazteak igotzeko ongi daude, baina adinekoendako gehiegizkoak dira”. Eskailera erabat desmuntatuko da, eta haritz-egurrezko beste antzeko bategatik ordezkatuko da, egun duen egitura mantenduz. Lehen solairura arteko 4,10 metroko altura gainditzeko 28 maila igo beharko dira, baina ez denak segituan, haien artean bost eskailera-buru izanen baitira.

Horrekin batera, lehen solairuko zoladura zati batean ere konponketa lanak eginen dira, solairurako eta erabilera anitzeko gelarako sarbidea den zola zatian hain zuzen ere. Egungo tarima finkatu eta egonkortu eginen da. Gainera, pipien kontrako tratamendua jasoko du. Horrekin batera, lehen solairuko sei ateen ate-alboak aldatuko dituzte. Sei ate horiek eta dauden bost zutabeak bernizatuko dituzte.  

Lehen solairuan kontzejuaren bulegoa, bilerak edo eskulan tailerra egiteko erabiltzen den erabilera anitzeko gela eta komuna daude. Mugimendua egoten da. Adineko pertsonak lehen pisura igotzeko eskaileren barandaren oinarriari lotutako aulki elektriko bat dute, lanekin kendu beharko dutena. “Esan digute gero hura berriro jartzea garestiagoa dela. Ikusi beharko dugu zer egiten dugun”.

Aurrekontua
Lanek 28.120,82 euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Horri beste 2.865,91 euro gehitu behar zaizkio, altzariak erosteko baliatuko direnak: pilatu daitezkeen 20 aulki, bildu daitezkeen egurrezko 30 asto eta bi apalategi. Guztira 30.986,73 euroko (BEZ barne) inbertsioa eginen du Etxarrengo Kontzejuak. Inbertsioari aurre egiteko kontzejuak Europako Feader funtsetik % 65eko dirulaguntza jaso du. Horren % 35 Nafarroako Gobernuak jarri du. Guztira 20.000 euroko laguntza izanen da.  

Lana egiten interesa dutenek gaurko 15:00ak arte aurkez ditzakete proposamenak Arakilgo udaletxean. Lanak agorrila akaberan edo irailaren hasieran hasiko dira eta 35 egunetan despeditu beharko dira. Kontzejuaren asmoa da ikasturtea hasterako lanak despedituta egotea, eskulanak egiten duen taldea erabilera anitzeko gelan aritzen baita.