Pilota

Master Codere Zabaletarendako eta Altunarendako

Guaixe 2019ko urr. 7a, 13:30

Irribarriari eta Rezustari 19 eta 22 irabazi zieten. Egungo bi atzelari onenen arteko lehia, Zabaletarena eta Rezustarena, ikusgarria izan zen

Atzo Masters Codereko finala jokatu zen Nafarroa Arenan. Azken urteko txapelketak eta torneoak kontuan hartuta, pilotari onenen rankinga egiten da eta bi aurrelari eta bi atzelari onenak hautatzen dituzte Masaters Codereko finala jokatzeko. Honela, Altuna III.ak eta Zabaletak Irribarria eta Rezusta izan zituzten aurkari. 

Nafarroa Arenan bildu ziren zaleek goi mailako finalaz gozatzeko aukera izan zuten, partida ikusgarria izan baitzen, ikusgarria bezain gogorra, bi bikoak bikain aritu zirelako. Azkenean, Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak garaipena lortu zuten (19 eta 22), lan handia eta erresistentzia bikaina egin eta gero. Etxarrengo atzelaria ikusgarri aritu zen eta Beñat Rezustarekin norgehiagoka itzela izan zuen; egungo bi atzelari onenen arteko borroka izan zen atzokoa, eta nahiz eta Zabaleta zehozer deseroso hasi, partida eusteko gai izan zen, eta pilotakada gehien erantzun zuen pilotaria izan zen. Ikusgarri aritu zen. Horrela, azkenean garaipen bikaina lortu zuten Altunak eta Zabaletak, eta Codereko 6.000 euroko txekea merezita jaso zuten.