Pilota

Zabaletak hitzordu garrantzitsua du gaur

Guaixe 2020ko ira. 25a, 10:01

Zabaleta eta Olaizola, 2018an Donostiako Hiria Trofeoa irabazi zutenean.

Masters CaixaBankeko 2. finalerdia jokatuko dute gaur Olaizola II.ak eta Zabaletak, Altunaren eta Imazen kontra, Logroñon

Masters CaixaBank Torneoko 2. finalerdia gaur, ostirala, jokatuko dute, Adarragan, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak Jokin Altunaren eta Ander Imazen kontra (19:15). Bi bikoek antzeko maila eman dute orain arte. Hasierako ligaxkan 10 puntu lortu zituzten Altunak eta Imazek, eta 9 puntu Olaizola II.ak eta Zabaletak. Hortaz, torneoko bigarren finalerdia oso estua eta lehiatua aurreikusten da. 

Gaurko finalerdiko bikote irabazleak Artola eta Rezusta izanen ditu zain igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handian (17:00, ETB1). Gaurko finalerdia irabazten dutenak irabazita, finaleko faborito nagusiak Artola eta Rezusta izango dira, txapelketa bikaina egin baitute, gainontzekoei koska aterata.