Lau etxarrendar ospitalera eraman dituzte

Guaixe 2021ko urt. 12a, 08:03
Etxarrengo ikuspegia Itxasperritik.

Kea arnasteagatik bikote bat eta adin txikiko seme-alabak eraman dituzte. Hirugarren semeak ez du artarik behar izan.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi dutenez, lau etxarrendar Nafarroako Ospitale Gunera eraman behar izan dituzte gauean. Gobernutik azaldu dutenez, Etxetxuri taldeko etxebizitza batean izan da ezbeharra. Karbono monoxidoa arnastuta toxikatu dira guztiak, ziurrenik kubo batean sartutako inker edo txingarretatik datorrena. 

Larrialdi zerbitzuetan gizon baten deia jaso dute 00:15ean eta gaztigatu du bere seme-alabek konortea galdu dutela eta, txingarrak botatzearen ondorioz kaltetuak izan zitezkeelakoan, horiek zituen ontzia etxeko balkoira atera duela. Ezbeharraren tokira iristen lehenak Irurtzungo osasun etxeko medikua eta erizaina izan dira. Kaltetuak eskailera burura atera dituzte eta keagatik zorabiatutako adingabeak bere onera ekartzea lortu dute osagileek. 

Altsasuko suhiltzaileak zaintzako sarjentuarekin batera joan dira Etxarrenera. Haiek izan dira lau etxarrendarrak Nafarroako Ospitale Gunera eraman dituztenak. Suhiltzaileek karbono monoxido maila arriskutsuak neurtu dituzte etxebizitzaren barruan, eta aireztatu egin dute. Foruzaingoa gertakariaren arrazoiak ikertzen ari da.