Antzerkia Laura Penagosen lanbidea eta "pasioa" da. Duela hamabi urte Kolonbiatik Iruñera etorri zen, eta handik Etxarrenera. Hasieratik "oso argi" izan zuen euskaraz ikasi nahi zuela, "horrela hasi nintzen eta jarraitzen dut". Egunero ikasketa bat da. Artedrama eta Huts teatroa konpainiekin batera Atzerria lurra garratz antzezlana sortu eta antzezten ari da. Euskaraz lan egitea "erronka handi" bat izan arren, berarendako "luxu" bat dela esan du ere. Penagosek azaldu duenez, "zorionez" Artedramak euskara bultzatzen du eta "ederra" da.
'Atzerrian lurra garrantz' antzezlana sortu duzue. Nolakoa izan da prozesua?
Orain dela bi urte Nafarroako Antzerki Eskolan Ander Lipus ezagutu nuen ikastaro batean. Garai horretan hainbat galdera nituen buruan, eta berarekin hitz egin nuen pixka bat kontatzeko zer gustatuko litzaidakeen egitea. Berari ideia oso interesgarria iruditu zitzaion, eta horrela, gutxi gora behera, hasi zen prozesua. Gero Amancay Gaztañaga ezagutu nuen. Bera zuzendaria da. Inprobisaketarekin hasi ginen eta bertatik dramaturgia idatzi genuen.
Zeintzuk ziren galdera horiek?
Adibidez, noiz arte migratzaile, zer da hemengoa izatea, zer da kanpokoa izatea, nola hitz egin norberaren inguruan, nola hitz egin besteei buruz… Niretzat oraindik ere oso garrantzitsuak dira galdera hauek. Azkenean, beti ditut buruan.
Antzezlana sortzeko, zure esperientzian oinarritu zinen?
Zalantzarik gabe prozesua edo antzezlana hasteko nire bizipenak erabili genituen. Baina, gero, prozesuan inprobisazioaren bidez testua fikzionatu genuen eta, alde batetik, nire bizipenak eta hausnarketak edo galderak dira, baina, beste aldetik, fikzioa da. Pertsonaia, esaterako, Aurora Mora da. Bera artista plastikoa da eta lau urte daramatza Euskal Herrian. Aurorak gatazka handia du buruan eta bihotzean, eta antzezlanean zehar ikusten da.
Nola izan da pertsonaia horretan sartzea?
Hasieran oso zaila. Oso antzekoa delako nire bizitza eta Auroraren bizitza. Zaila eta pixka bat mingarria izan zen. Baina antzezle profesionala naiz, eta berehala konturatu nintzen zer egin behar nuen eta pixkanaka Auroraren pertsonaia sortu nuen. Bi urteko prozesua izan da, eta Amancayk berak esaten zidan: "Zuk badakizu pertsonaia dela, ez da zure bizitza, zu ez zara Aurora Mora. Mugatu behar duzu". Arrazoia zuen. Prozesuan geruza askoren artean ibili ginen, eta zentzu horretan oso ederra da. Ander Lipus eta biok oholtza gainean gaude, baina kanpoan dauden guztiek ere sortu dute antzezlana.
Esan bezala, prozesu bat izan da.
Zalantzarik gabe. Ekoizpen lana oso garrantzitsua da. Aurre ekoizpenetik oholtza gainean egoterako prozesua oso garrantzitsua izan da sortzeko, saltzeko eta orain bira egiten ari garela. Antzezlana ez da bakarrik Ander Lipusek eta biok oholtzaren gainean egiten duguna. Antzezlana den-dena da. Amancay Gaztañaga zuzendaria, Iasone Paradaren ekoizpena, Arantza Floresen argiztapena, Barbara Rassoren jantziak, Ibon Rgren musika eta abar. Ekoizpen oso handia da. Eta hau da antzerkia. Normalean ikusleek oholtzaren gainean dagoena ikusten dute, baina atzean unibertso oso bat dago. Kristoren lana da. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Gure lana ez da bakarrik gurea. Lana oso sakona da, eta gure atzean lan handia dago. Artedrama adituak dira, eta lan ederra egiten dute. Eskerrak ematen dizkiet.
Antzezlanak helbururen bat du? Zer planteatzen du?
Antzezlanak ardatz desberdinak ditu: zaintza, migrazioa, kolonialismoa, emakumea eta nortasuna. Gutxi gora behera honi buruz hitz egiten dugu. Oso garrantzitsua da hausnarketa egitea. Antzerkia ongi pasatzeko da, zalantzarik gabe, baita hausnartzeko ere. Zenbait galdera egitea planteatzen du: zer da zaintza, zertarako, zergatik guri emakumeoi tokatzen zaigu zaintza lanak egitea, zeintzuk dira Auroraren ezaugarri fisikoak, zer den emakume beltza edo indigena izatea, zein da bere lekua Euskal Herrian eta zein zen bere lekua Kolonbian… Nola nortasun horrek bere bizitza bideratu duen eta nola bideratzen duen gaur egun azaleratzen du. Biran ikusleei antzezlana gustatu zaie, eta interesgarria da. Hori zen gure helburua.
Noiz erabaki zenuen antzezlea izatea?
Lau urterekin, gutxi gora behera, amari esan nion antzerkia egin nahi nuela. Amaren erantzuna ez zen hain polita izan eta ideia hori utzi nuen. Hamabost urterekin gure herrian ikastaro bat egin nuen eta batxilergoa bukatzen ari nintzenean aitak galdetu zidan ea zer egin nahi nuen unibertsitatean. Nik esan nion psikologia, kazetaritza edo horrelako zerbait egingo nuela. Orduan, berak esan zidan ezetz, nik antzerkia ikasi behar nuela. Zur eta lur gelditu nintzen, baina ederra da: aitak nire barruan zerbait ikusi zuen. Berak jakin zuen nor naizen. Oso ongi ezagutu nau. Berehala onartu nuen. Teatro libre lau urteko gradua egin nuen Bogotan eta gradu hori amaitu ondoren bi urtez profesionalki aritu nintzen. 2008An hona iritsi nintzen.
Eta hemen zein ibilbide izan duzu?
Zoritxarrez bai hemen bai leku guztietan antzerkia egitea zaila da. Sistema honetan kultura bultzatzea ez da lehentasuna. Merkatuak eta gauza produktiboak dute garrantzia. Orduan, ailegatu nintzenean oso zaila izan zen. Antzerkia egiteko urte asko pasatu nituen. Nafarroako Antzerki Eskolan bi urte egin nituen, baina gero berdina izan zen. Oso zaila zen. Egun batean nire buruari esan nion garaia zela eta zerbait egin behar nuela. Bestela, zertarako orain arte egindako guztia? Antzerkia nire grina, bultzada eta aterapea da. Antzerkia maite dut. Bartzelonara joan nintzen ikastera eta gero Italiara. Italian, ikastaro batean, dramaturgia bat egin nuen eta testu horrekin Nafarroako Antzerki Eskolan erresidentzi artistikoa eman zidaten. La pasion de Eva antzezlana sortu nuen. Prozesu horretan, emanaldia bukatu eta gero Ander Lipus ezagutu nuen. Orain, poz-pozik nabil bira handia egiten ari garelako, eta jarraitzea espero dut.
Zure talentua erakutsi duzu.
Bai. Azkenean, hauek dira gure baldintzak emakume bezala. Kristoren lana egin behar dugu leku guztietan, edozein bidetan eta lanbidetan. Zoritxarrez berdintasuna oraindik gutxi dago. Guk borrokatu behar dugu edo beti zerbait gehiago egin behar dugu, maila berdinean jartzeko. Sozialki exijentzia handia da. Emakume perfektuak zian behar dugu; lana ongi egin behar dugu, beti politak izan behar dugu, ama onak, maitale onak… Eta hori gezurra da.
Sakanan ikusteko aukera egongo da?
Oraindik ez. Gustatuko litzaidake lana hemen egitea. Sakanan migrazio maila asko daude eta ez da bakarrik migrazioagatik; antzerkia ongi dago hausnarketa egiteko, eta, gainera, euskaraz, ederra izango litzateke. Irurtzungo kultur etxean egonaldi bat edo erresidentzia artistiko bat egin genuen prozesuaren hasieran. Gustatuko litzaidake leku horretan egin ahal izatea. Momentuz, Iruñean maiatzaren 5ean egongo gara, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Aktore bat Etxarrenen.
Oso gustura bizi naiz hemen. Iruñea utzi nuenean zalantzak izan nituen, baina berehala jakin nuen hemen edo herri txiki batean bizi nahi nuela. Zintzotasunez, asko gustatzen zait hemen bizitzea. Sakana oso leku berezia da. Kristoren energia du, eta jendea oso jatorra dela iruditzen zait. Ingurua oso polita da, kirola egiteko eta paseatzeko aukera ematen du… Gainera, isiltasuna asko gustatzen zait eta herriak isiltasuna ematen dit. Eskerrak ematen dizkiot herriari eta Sakanari. Ederra iruditzen zait.