Pilota

Txapelik hunkigarriena

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 9a, 19:31

Zabaletak eta Elezkanok zendutako senitartekoei eskaini dizkiete Binakako Txapelketako txapelak, emozioz betetako finalean

Jose Javier Zabaletak eta Danel Elezkanok merezimendu osoz jantzi dituzte drone baten bidez iritsi zaizkien txapelak, konfetti gorri artean, Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri 22 eta 7 irabazi eta gero. Final oso hunkigarria izan da, bi txapeldunak, Zabaleta eta Elezkano, malkoei ezin eutsi ezinik egon direlako.

Peña eta Albisu hasi dira hobe, baina Zabaletak adierazi duenez, Elezkanok ongi eutsi du lehen txanpa horretan - bizkaitarrak ez du akatsik egin eta hori final batean ia ezinezkoa dela nabarmendu du Zabaletak- eta jokoan sartzen lagundu dio. Horrela, gutxika tantoak gorrien alde erortzen hasi dira eta hortik aurrera Zabaletaren nagusitasuna agerian geratu da. Finaleko pilotari onenaren saria jaso du Etxarrengoak, merezita. Sekulakoak izan dira bere pilotakadak, errebotera ere iritsi direnak, eta bi Jon Anderrak jokoz kanpo utzi dituztenak, eta ikusgarria ere Elezkanok Peña endredatzeko izan duen trebetasuna. Baina guztien gainetik Zabaleta nabarmendu da. Etxarrengoarena sekulakoa izan da, nahiz eta berak meritua Daneli eman.

22 eta 7 irabazita, hustu egin dira txapeldunak, malkoei ezin eutsi. Zendutako senitartekoak izan dituzte gogoan, beraiei eskaini diete txapela, eta oso hunkigarria izan da. Etxarrengoa ez dugu horrela sekula ikusi. Txapelketa ona egin dutela aitortu dute, eta elkarrekin txapela lortu izanak sekulako poza ematen diela nabarmendu dute, 2017an elkarrekin aritu zireneko arantza atera dutelako, Elezkano lesionatu baitzen orduan eta finalerdietan erori baitziren. 

Albisuk eta Peñak txapeldunak zoriondu dituzte. “Josek dominatu dit, gu baino hobeak izan dira eta eurak zoriontzea, ez dugu besterik. Merezitako txapeldunak dira” adierazi du Albisuk. Penaz daudela adierazi dute, gertukoengatik bereziki eta txapela bat irabaztea oso zaila delako. Galtzen eleganteak direla erakutsi dute.

Zabaleta Buruz Burukora
Final honek sorpresa  asko ekarri ditu. Zabaleta  Buruz Burukoan arituko dela da azkena. Etxarrengoak adierazi du asteazkeneko aurkezpenean egongo dela. Presta daitezela Buruz Buruko espezialistak!