Pilota

Zabaleta, hori guztia eta gehiago

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 14a, 12:03
Argazkiak: Guaixe eta ASPEPELOTA.EUS

Atzelari etxarrendarrak beste errezitaldi bat eskainita eta drone batek ekarrita jantzi zuen Binakako bere hirugarren txapela, Elezkano sendo helduz eta malkoei eutsi ezinik. Orain Buruz Burukoan murgilduko da eta berea ematea du helburu 

Binakako Pilota Txapelketan Elezkanok eta Zabaletak sekulako erakustaldia eman eta Peñari eta Albisuri 22 eta 7 irabazita, Zabaletari zein planetatatik zetorren galdetzen zion Garako Jon Ormazabalek, 1986ko Mundialetan Maradonak sartutako golari Victor Hugo Morales kazetariak egindako narrazioari keinua eginez. Diario de Noticiasko Igor G. Vicok Zabaletaren ekaitzaz hitz egin zuen; Berriak bera eta Elezkano jaun eta jabe izan zirela nabarmendu zuen; Diario de Navarrako Luis Guineak Zabaleta 2021eko Binakako pilotari onena zela ondorioztatu zuen; El Correoko Juan Pablo Martinek bikotearen joko erakustaldia eta elkar ulertzea goraipatu zuen; eta Diario Vascoko Joseba Lezetak RAIko esatari Mario Ferrettik 1949ko Italiako Giroan Fausto Coppik Cuneo-Pinerolo etapa esanguratsuan egindako balentria ekarri zuen gogora “Un uomo solo è al comando: Zabaleta” titularrarekin, Zabaleta “estratosferikoa” izan zela, “Campionissimo” nabarmenduz. 

Izan ere, Zabaleta hori guztia eta gehiago izan zen finalean. Indartsua, erabakigarria, mugarik gabekoa, bikotea, laguna, eskuzabala… eta handia. Handia baita umiltasunean ere, txapelaren meritua Danel bikoteari eman baitzion. Zabaletak jaso zuen finaleko pilotari onenaren saria, merezitakoa eta katedra guztia ados jarri zuena, eta saria eskuan zuela Etxarrengoak Elezkanori egin zion keinua eta eskaintza. Nabarmentzekoa da Etxarrengo atzelaria zeharo hunkituta zegoela. Finala bukatu bezain pronto Elezkanorekin besarkada amaigabean batu zen, eta pilatuta zituen sentimenduak askatuz, negar batean aritu zen ondoko prentsaurrekora arte. 

Aita eta lehengusina gogoan
Zabaleta horren hunkituta ikusten ez gaude ohituta. Hori entzuten zen kazetarien taldetxoetan. “Momentu bereziak dira, eta une horietan hemen ez dagoen jendearekin asko gogoratzen naiz. Txapelketa bat irabazten dudanean beti gertatu izan zait, agian aurrekoetan ez da hainbeste nabaritu eta ez zarete konturatu, baina gurekin ez daudenak etortzen zaizkit burura, eta negar pixka bat egiten dut, baina tartean poza ere bada, txapela lortu izanagatik. Txapel hau egunero nirekin dauden guztiendako da, baina bereziki, gurekin ez dauden aitarendako eta lehengusinarendako. Asko gogoratzen naiz beraiekin eta txapela gehienbat beraiendako da. Eta baita aurten zendutako Perikorendako eta Tomasendako ere” azaldu zuen etxarrendarrak, malkoei ezin eutsi. 

Biak bat
Elezkanok eta Zabaletak finalean eman zuten jokoaren maila hamarretik bederatzi eta erdikoa izan zen. Gutxienik. Hala ere, eta perfekzionista izaki, finalaren hasierarekin ez zegoen guztiz konforme etxarrendarra. “Peñaren eta Albisuren kontrako final zaila genuen aurretik, eta partida bikaina egin beharra genuen, bestela aurkari hauen kontra ez duzu irabazten. Ni ez naiz hasierarekin oso pozik geratu; hasiera irregularra izan da, akatsen bat tarteko, baina Danelek partidari eusten jakin du, eta berak sartu nau partidan. Danelek hasieratik bukaerara partida perfektua egin du, ez du akatsik egin eta hori, final batean, ia ezinezkoa da. Uste dut bigarren zatia oso ona egin dugula eta horregatik irabazi dugula. Izan ere, hau Binakako Txapelketa da, eta uste dut biok ongi jokatu dugula. Horrekin geratzen naiz” nabarmendu nahi izan zuen Jose Javier Zabaletak, meritua Danel Elezkanori aitortuz. 

Bere erakustaldiaz urte luzez hitz egingo dela galdeginda, ez zuen aparteko ezer aipatu nahi izan. “Beno, ongi sentitu naiz gaur, txisparekin, eta sentsazioak, bereziki bigarren zatian, onak izan dira. Tantoak egin ahala hobeki sentitzen nintzen, energia gehiagorekin. Hori egunero egiten dugun lanaren ondorioa da. Danelek oso ongi jokatu du, eta biok partida osoa egin dugu” azaldu zuen soilik. 

Danelek ere bikote gisa batu zutela gaineratu zuen. “Josek esan zidan aurrera egiteko, beldurrik gabe; pilota nahiko azkar ateratzen zitzaidan eta mina egiten nuela nabaritzen nuen. Eta zenbait pilota Joseri uzten nizkion berak atzean sekulako mina egiten zuelako; diferentzia markatzen zuen. Bikote gisa final handia egin dugula uste dut“ azpimarratu zuen. 

Txapeldunek Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu gogoan izan zituzten, “txapelketa oso ona” egin dutelako. Baina Albisuk aitortu bezala, “Josek erraz dominatu nau, eta txapela irabaztea merezi dute. Eurak zoriontzea, ez dago besterik”.

Elkarrekin lortu izanaren ilusioa
Binakako hirugarren txapela jantzi zuen Zabaletak, bere bigarren artilea, aldiz, Elezkanok. Biak oso pozik zeuden txapel hau elkarrekin lortu izanagatik eta 2017an elkarrekin aritu zireneko arantza kendu zuten. “Aspera etorri nintzenean lehenengo torneoa Joserekin jokatu nuen eta berak asko lagundu zidan. Ondoren, Binakakoa elkarrekin jokatu genuen, baina finalerdietan mina hartu nuen eta ezin izan genuen txapelketa ongi bukatu. Eta aurten lortu dugu; halako momentu bat merezi genuen. Txapelketan ikaragarri disfrutatu dut Joserekin” aitortu zuen Elezkanok. Iritzi berekoa zen atzelari sakandarra. “Berarekin pasatu ditudan lau hilabete pasatxo hauek bikainak izan dira, eta sekulako ilusioa egin dit txapel hau berarekin irabazi izanak” nabarmendu zuen. Kantxatik kanpo ere harreman bikaina dutela agerikoa da. 

Arrazoia: eguneroko lana
Biek ala biek, txapela lortzearen atzean eguneroko lana dagoela argi utzi zuten. “Txapelketa hau jokatzeko prestaketa handia egin dugu. Eguneroko lana da, entrenamendu asko. Hori da txapelaren arrazoia. Eta zerbait lortzeko horrenbeste lan egin eta gero, lortutakoan zapore hobea du” azaldu zuen Etxarrengoak. 

Finala irabazita Etxarrenera iritsi zenean, herritarrek ongi etorri txikia egin zioten. “Txaloka hartu ninduten, pankarta batekin. Ez genuen gauza handirik egin, egoerak ez duelako aukerarik uzten, baina polita izan zen, eta gero etxekoak elkartu ginen afaltzera” azaldu zuen Danelek biharamunean.  

14 garaipen eta 375 tanto
Zabaletak eta Elezkanok 2021eko Binakakoan zenbaki ikusgarriak utzi dituzte. Txapelketan partida gehien irabazi dituzte, 14 partida (guztira 18 jokatu dituzte), eta tanto gehien egin dituzten bikotea izan dira: 375 tanto. Eurei soilik 234 tanto egin dizkiete.  

Eta orain Buruz Burukoa
Binakako txapela bitrinan gorde eta gero, asteburuan hasiko den Buruz Buruko Txapelketan murgildu da Zabaleta. Etxarrengo atzelaria aspaldi ez zen aritzen txapelketa garrantzitsuenean, eta hori ere finaleko beste sorpresa izan zen. “Barruan dudana ematen eta lana ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz” azaldu zuen. Asteartean eta ostegunean entrenatuta iritsiko da txapelketara. Pozik dago Aspek aukera eman diolako eta beste txapelketa batean arituko delako, oraindik ere txapel gehiagoren gose baita. Jokin Etxanizekin teknika lantzen ari dela aipatu zuen Zabaletak, pilotakada garbiagoak emate aldera, oraindik ere hobetzeko tartea duelako. Noraino iritsiko ote da?