Pilota

Zabaleta "oso triste" ez zuelako bere maila eman

Guaixe 2021ko mai. 31a, 12:00

Buruz Buruko finaletik kanpo geratu da Etxarrengo atzelaria, atzo Altunaren kontra 8 eta 22 galdu eta gero. Hasieratik "partidatik atera" zela eta sake-errestoan "oso gaizki" ibili zela adierazi du.  Bi atzelariak finalerdietan erori dira, Artola baita beste finalista, Rezustari 16 eta 22 irabazita

Bukatu da Buruz Buruko atzelarien matxinada. Asteburuan jokatutako finalerdietan, bi atzelariak bidean geratu dira. Larunbatean Artolak Rezustari 16 eta 22 irabazi zion, eta, atzo, Altuna 8 eta 22 gailendu zitzaion Zabaleta ezezagun bati. Artolak eta Altunak ekainaren 13an jokatuko dute Buruz Buruko final handia, Bilbon.

Jokin Altuna faboritoa zela jakina zen, baina orain arte sekulako maila eman duen Jose Javier Zabaletaz gehiago espero zen finalerdian. Altunari tokatu zitzaion lehendabiziko sakea egitea, eta Amezketakoak 12 tanto egin zituen jarraian, 7 sakez, horietako 5 erantzuteko modukoak. Sakeak txandakatu zituen Altunak, orain luze, orain motz, eta Zabaleta bere tokitik atera zuen. Urduri sumatzen zitzaion atzelariari. Izan ere, errestoa izan zen Zabaletaren zulorik handiena. Etxarrengoak dejada batekin berreskuratu zuen sakea, eta hiru tanto egin zituen jarraian, baina atzera ere Jokinek sakea lortu eta hortik aurrera boladaka ibili ziren bi pilotariak. Zabaleta 8 eta 18 gerturatu zen, baina hortik aurrera Altunak hartu zuen aginte makila eta zuzenean 22raino joan zen, sekulako erakustaldia egin eta gero. 

Zabaleta: “hasieratik konfiantza galdu dut”
Altuna pozik zegoen finalera sailkatu izanagatik, baina Zabaletak normalean “askoz hobeto egiten duela errestoa” nabarmendu zuen, “ez zuela bere maila eman”. Etxarrendarrak hori bera aitortu zuen. “Jokini hasierako sakea tokatu zaionean pixka bat burua partidatik atera zait. Partidatik irten naizela? Sartu al naiz? 13. tantora arte ez naiz borrokatzen hasi. Bigarren zatian saiatu naiz, baina Jokinek partida bikaina egin du, txukuna, eta ni, aldiz, sake errestoan oso gaizki ibili naiz, eta eskuinarekin jokatzeko garaian ez dut asmatu. Horregatik nago oso triste, ez dudalako nire maila eman. Hasieratik konfiantza galdu dut, eta halako aurkari bat duzunean horrela ibiltzea zaila da” nabarmendu du Zabaletak. Altunak oso ongi jokatu zuela nabarmendu zuen. “Hasieratik oso ongi ibili da Jokin, eta besteak gauzak gaizki egiten dituenean bera ere hobeto ibiltzen da”. Eta, bukatzeko, datorren urterako "hobe prestatu beharra duela" nabarmendu zuen etxarrendarrak.