Pilota

Buruz Buruko hirugarren postua jokoan, edo gehiago?

Guaixe 2021ko eka. 4a, 12:03
Zabaletak Altunaren kontra "oso gaizki" jokatu zuela aitortu zuen, eta igandeko partidan arantza kendu nahi du.

Buruz Buruko hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida jokatuko dute Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak igandean Irunen. Artola lesionatuta eta ekainaren 20ko finalerako ez bada osatzen, Irungo irabazleak jokatuko du finala bere ordez

2021eko Buruz Buruko Txapelketak azken unera arte izango du zeresana. Jokin Altuna eta 
Iñaki Artola sailkatu dira finalerako, baina Rezustaren kontrako finalerdian Artola lesionatu egin zen –eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabaleko lesioa du– eta finala ekainaren 20ra atzeratzea erabaki du Eskuz Pilotako Enpresen Ligako Borja Oses epaileak. Ikusteko dago Artola osatuko den, eta osatuta ere, nola iritsiko den. 

Bitartean, Buruz Buruko 3. eta 4. postua erabakitzeko partida jokatuko dute igandean, Irunen, Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak. Finalerdian galdu izanaren arantza kendu nahi dute bi atzelariek, eta 3. postua lortu. Baina Artolaren lesioak bestelako balioa eman dio partida honi, Alegikoa finalerako osatzen ez bada, 3. postuan sailkatzen den pilotariak jokatuko baitu finala bere ordez. Buruz Burukoarekin zer gertatuko den, beraz, ekainaren hirugarren astean erabakiko da.