Pilota

Atzokoa ere ez zen Zabaletaren eguna izan

Guaixe 2021ko eka. 7a, 11:00

Beñat Rezustak 8 eta 22 irabazi zion eta Bergarakoa da Buruz Buruko Txapelketan hirugarren postua lortu eta finalean Iñaki Artolarekin zer gertatuko den itxaroten dagoena

Atzo, igandea, Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak Buruz Buruko hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida baino finalerdi kutsua zuen partida jokatu zuten Irunen. Jakina denez, Iñaki Artola finalista lesionatuta dago eta finalerako osatuko den zalantzan dago. Zabaletak eta Rezustak hala nahi ez bazuten ere –material aukeraketan behin eta berriz esan zuten finalista Artola zela– zer gertatuko den ikusteko dago, eta atzoko irabazleak ordezkatuko luke Artola finalearako osatzen ez bada. Hortaz, atzo hirugarren eta laugarren postua baino gehiago zegoen jokoan. Eta atzokoa ere ez zen Zabaletaren eguna izan. Beñat Rezustak sekulako partida jokatu zuen eta 8 tantotan utzi zuen Zabaleta. Etxarrengoa, aldiz, ez zen bere mailan aritu. Hortaz, Bergarako atzelaria da Buruz Buruko hirugarrena eta berak ordezkatuko du Artola Baikokoa ez bada errekuperatzen. 

Zabaleta atzera ere errestoan ez zen fin ibili. Rezustak sakez  zortzi tanto sartu zizkion. Eta egoera bere aldera eman zuen Bergarakoak. Erritmoa sartu zuen, eta sotamanoz ederki estutu zuen Etxarrengoa. Horrela, Zabaleta gutxika desegiten joan zen eta tantoak Rezustaren aldera erori ziren eta merezitako garaipena lortu zuen.