Pilota

Olaizolari txapelarekin erretiratzea lagundu nahi dio Zabaletak

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 17a, 11:30
Mariezkurrena, Elezkano, Olaizola eta Zabaleta, material aukeraketan. ASPE

Masters CaixaBank Torneoaren finala jokatuko dute, igandean, Olaizolak eta Zabaletak, Elezkanoren eta Mariezkurrenaren kontra. Olaizolak erretiroa iragarri duenez, ikusmin handia piztu du, bere azken finala izango delako

Aimar Olaizolak erretiroari data jarri dio: azaroaren 13an izanen da, hain zuzen ere 42 urte betetzen dituen egunean, eta bere jaioterrian, Goizuetan. Asteazkenean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan eman zuen bere agurraren berri aurrelari handien zerrendan dagoen pilotariak, eta geroztik pilota munduan ez dago beste konturik. Irujo izan zen bere areriorik sendoena, eta biek pilotan garai bat itxi zuten. Olaizolak asteazkeneko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, “beti esan izan dut maila onean nagoenean erretiratu nahi dudala, eta orain nahiko ongi jokatzen ari naiz”. 

Eta hain zuzen ere, Aimar Olaizola une honetan Jose Javier Zabaletarekin batera jokatzen ari da Masters CaixaBank Torneoan. Txapelketa ona eginda, final handirako txartela lortu du bikoak. Baita Elezkano II.ak eta Mariezkurrena II.ak ere. Torneoko final ikusgarria espero zenak orain epika kutsua hartu du; izan ere, Aimarrek bere agurra iragarri eta gero, igandean Gasteizko Ogetan jokatuko den Masters CaixaBank Torneoko finalak izen handiagoa du orain, Olaizolak jokatuko duen azken final garrantzitsua izango delako. Eta ikusmina handia da. Txapel hori buruan jantzita erretiratu nahiko luke goizuetarrak, eta, jakina, horretarako Jose Javier Zabaletaren babes guztia izanen du. 

Txapel oso berezia dago jokoan
Atzelari etxarrendarrak kazetariei azaldu dienez, “polita litzateke Masters CaixaBankeko txapela lortzea; pilotari handienetako batekin txapel hau janztea oroimen ederra litzateke”. Zabaletak aitortu duenez, “partida garrantzitsua izango da, bai berarendako eta baita niretako ere, elkarrekin joka dezakegun azken torneoa baita”. Etxarrendarrak Aimarrek beti “maila oso altuan” lehiatu duela azpimarratu zuen, eta urte hauetan guztietan gorenean egon dela, onenen artean. “Irujorekin batera jokatzen zituen partidak beti ziren oso bereziak, zaletasuna pizten zutenak” gogoratu du.  

Atzo izan zen igandeko final handirako material aukeraketa, Gasteizen. Jaialdia 17:00etan hasiko da, Ezkurdiak eta Tolosak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko duten partidarekin. Gero final handiaren txanda helduko da. Final oso gogorra espero da, bai Olaizola-Zabaleta eta baita Elezkano-Mariezkurrena ere sasoi betean eta joko bikainarekin iritsi direlako. Bi atzelarien lehia handia espero da, Zabaletarena eta Mariezkurrenarena, eta aurreko koadroetan Olaizola eta Elezkano nor baino nor ibiliko dira. Olaizolak motibazio berezia du, bere agurraren atean dagoelako, baina txapelak oso garestiak dira eta profesionaletan, inork ez du ezer oparitzen.