Pilota

Txapel honek "sekulako poza" ematen diola dio Zabaletak

Guaixe 2021ko ira. 20a, 09:30
Olaizola eta Zabaleta, txapeldunak, alboan Elezkano eta Mariezkurrena dituztela. ASPE

Atzo Gasteizen jokatutako Masters CaixaBank final hunkigarrian Olaizolak eta Zabaleta ikusgarriak 22 eta 10 irabazi zieten Elezkanori eta Mariezkurrenari eta udako txapela jantzi zuten, Olaizolaren erretiroak handiagoa bilakatu duena

Aspaldiko partez frontoian aparteko giroa zela jokatu zen atzo Masters CaixaBank Torneoko finala. Aimar Olaizolak erretiroa hartuko duela iragarri eta gero, berez interesgarria zen finalak epika kutsua hartu zuen, Goizuetako pilotari handiaren azken final handia izango zela jakina baitzen. Horregatik, Ogetak final handien itxura hartu zuen, nahiz eta oraindik pandemiagatik aforo mugak izan. 

Olaizola eta Zabaleta ziren txapela janzteko faborito nagusiak. Dirua ere haien alde atera zen hasieratik. Ongi hasi zen biko gorria, eta markagailuan aurreratu zen. Elezkanori eta Mariezkurrenari kosta egin zitzaien partidan sartzea, baina seina berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, Olaizola eta Zabaleta aldea ateratzen hasi ziren, eta kolore gorria izan zuen partidak. Aurreko koadroetan ongi ibili zen Olaizola, pilota alde batera eta bestera mugituz eta Danel Elezkano bere tokitik ateratzen, baina aitortu behar da atzeko koadroetan erabaki zela partida, eta hor Zabaletak hartu zuen agintea. 

Etxarrengo atzelaria ikusgarri aritu zen, ezinezkoak ziruditen pilotatzarrak onera itzuli zituen eta pilota ezker hormara hurbiltzen maisuki ibili zen, Mariezkurrena bere onetik ateraz. Beste behin, sekulako aldea markatu zuen arakildarrak, eta txalo zaparrada asko berarendako izan ziren. Azkenean, 22 eta 10 irabazita, merezitako txapela lortu zuten Olaizolak eta Zabaletak, Olaizolaren erretiroa dela eta, zapore berezia duena. 

Zabaleta, "gustura"
Partida bukaeran ETB1-en egindako adierazpenetan pozik zegoela aitortu zuen Etxarrengo atzelariak. “Gaur kantxan gustura aurkitu naiz. Eskuetatik ere nahiko ongi bukatu dut eta hori pozik egotekoa da. Hasieran kosta egin zait frontoiari neurria hartzea, baina gero partida guztian barna gustura aurkitu naiz” azaldu zuen. 

Neguan Binakako Txapelketa irabazi eta gero, orain Binakako Masters CaixaBank Torneoa irabazi du Zabaletak, sekulako uda borobilduz. “Sekulako poza ematen dit, eta, gainera, Aimarrekin jokatuta gehiago. Ea erretiroaz damutzen den eta beste pixka bat gehiago jarraitzen duen” adierazi zuen, irribarrez. 

Etxarrendarrak ere Ogetako giroa eskertu zuen. “Jendea txaloka, zutik… aspaldian ez genuen halako egunik ikusten. Sekulako giroa egon da, eta uste dut pilotazaleek asko disfrutatu dutela. Aimarrek ere sekulako partida egin du. Nik berarekin jokatzen asko disfrutatu dut, eta ziur frontoira etorri den jendeak ere partidaz gozatu duela. Eurei ere eskerrak eman behar zaizkie” nabarmendu zuen. 

Orain, Sanmateoak
Masters CaixaBank Torneoa bukatuta, Binakako San Mateo Torneoa dute ate joka pilotariek. Zabaletak Victor izanen du bikote eta ostegunean, irailaren 23an, jokatuko den finalerdian Ezkurdia eta Rezusta izango dituzte aurkari. Masters CaixaBankeko finala eta gero eskuak nola dituen galdetuta, ostegunerako prest egongo dela uste du. “Eskuinekoarekin pozik geratu naiz, ez baitut bukaerara arte ezer nabaritu, baina ezkerrarekin hasieratik min pixka bat nabaritu dut. Orain atseden hartu eta nik uste dut ostegunerako prest egongo naizela” gaineratu zuen.