Pilota

Atzokoarekin, aste batean bi torneo irabazi ditu Zabaletak

Guaixe 2021ko ira. 27a, 11:15

Binakako Sanmateotako Torneoa irabazteaz gain, torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen Zabaletak. ASPE

Victorrekin batera, Sanmateotako Binakako Torneoan garaipena lortu zuen Zabaletak, Olaizola eta Mariezkurrena 9 tantotan utzi eta gero. Beste behin, ikusgarri aritu zen Etxarrengo atzelaria eta torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen

Jose Javier Zabaletak bere enegarren erakustaldia eman zuen atzo, eta Victorrekin batera, Sanmateotako Binakako Torneoa irabaztea lortu zuen, Olaizolari eta Mariezkurrenari 9 eta 22 irabazi eta gero. Aspeko bikotea Baikokoa baino askoz ere gehiago izan zen lehen unetik, eta garaipen sendoa lortu zuten, merezitakoa. 

Beste behin, Zabaleta izan zen partidako protagonista. Etxarrengo atzelariak makineria martxan jarri bezain pronto, sekulako mina egin zien arerioei. Atzeko koadroetan Mariezkurrenari gailendu zitzaion guztiz, eta nahi bezala ibili zen, bigarren zatian bereziki. Gaurkoz ez dago Zabaletari aurre egingo dion atzelaririk, eta Mariezkurrenak soilik lehen zatian eutsi ahal izan zion. Gero, Zabaletaren erauntsia etorri zen, eta Berriozarkoa ezinean ibili zen. Bizkarrak behar bezala babestuta, Victor eroso ibili zen aurreko koadroetan eta, Olaizolak aldiz, aukera gutxi izan zituen. Biek garaipen sendoa lortu zuten, oso gainetik ibili baitziren, Logroñoko zaleek txalotu zutena. 

Victor oso kontentu zegoen. “Zabaletak sekulako diferentzia markatzen du; hala jokatzen ikustea gozamena da, eta barrutik ikusita, hobea. Sekulako oparia izan da berarekin aritzea” nabarmendu zuen errioxarrak. Zabaleta ere kontentu zegoen. Torneoa irabazteaz gain –bere bigarren sanmateotako torneoa da–, torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen etxarrendarrak, Victorrekin konpartitu nahi izan zuena. Gustura jokatu zuela aitortu zuen. “Bigarren zatian pentsatzen genuena baino erosoago aritu gara eta beno, irabazi dugu eta kontentu” aipatu zuen sakandarrak. Aimar Olaizolak ezin izan zuen Logroñoko agurra trofeo nagusiarekin despeditu, baina Adarragaren txalo zaparrada ere berarendako izan zen. 

Martijak ezin izan zuen Ardoaren Desafioa irabazi

Larunbatean Añares Ardoaren Desafioa jokatu zen Adarragan, eta binakako partidan Julen Martija lehiatu zen. Etxeberrikoak Jokin Altunarekin osatu zuen bikotea, eta Laso eta Imaz izan zituzten arerio. Aurretik, Zabalak 14 eta 22 galdu zuen Baikoko Zubizarreta III.aren kontra, eta, hortaz, binakako partida irabaztera derrigortuta zeuden Martija eta Altuna Ardoaren Desafioan jokoan zeuden 2.100 Añares ardo botilak irabazteko. Partida ona izan zen, oso lehiatua, baina, azkenean Laso eta Imaz gailendu ziren, 20 eta 22. Horrela, Aspek Ardoaren Desafioa galdu zuen, nahiz eta azken partidan Aspeko Dariok Agirreri 22 eta 11 irabazi.