“Ilazki Martirena: diseinua, patroigintza eta estilismoa”. Hori da www.ilazkimartirena.com webgunean edo sare sozialetan sartuta irakurtzen den lehena. Baina hori eta gehiago da Ilazki Martirena Barguilla: jostuna, patroigilea, jantzi eta estilismo diseinatzailea, antzerki eta filmen jantzi diseinatzailea, sortzailea eta irakaslea.
HASIERAK
Noiz hasi zinen josten?
Batxilergoa bukatu nuenean. Ez nekien ziur zer ikasi, Psikologia edo Enpresa Zientziak, baina patroigintza irakasten zuten goi ziklo baten berri izan nuen, interesgarria iruditu zitzaidan eta kasualitatez hasi nintzen. Lehendabiziko egunean konturatu nintzen ikaragarri gustatzen zitzaidala, ikasi nahi nuela, eta sektore honetan lan egin nahi nuela.
Zure marka sortzearen garrantziaz berehala jabetu zinen eta oso goiz hasi zinen zure diseinuak lehiaketetara aurkezten. Oso argi zenuen jarraitu beharreko bidea.
Nire lanak lehiaketetara aurkezten hasi nintzen batez ere ikasteagatik eta esperientzia hartzeagatik. Ikasketak bukatu nituenean aurreko krisi ekonomikoa iritsi zen, eta Nafarroan, estatuko gainontzeko tokietan bezala, diseinatzaile askok euren tailerrak itxi zituzten. “Galdutako belaunaldia”, horrela izendatu zuten gurea. Sektorea nahiko gaizki zegoenez, modarekin kontaktua ez galtzeko nire proiektu pertsonalak lantzen hasi nintzen, diseinu konkretuak. Pixkanaka nire estiloa bilatzen, zer nahi nuen aztertzen, ikasten eta diseinuak lantzen hasi nintzen. Proiektu hauek diru asko eskatzen zuten, eta horregatik beste mota bateko lanekin partekatu nituen. Sei urte eman nituen denetariko lanak egiten, jardunaldi murriztuan, irabazitako diruarekin nire moda proiektuak diseinatu ahal izateko. Horrela aritu nintzen 2015ean nire atelierra ireki nuen arte.
Buztintxurin dago Ilazki Martirena atelierra edo estudioa.
Bai, Santa Luzia paseoko 20. zenbakian. Lehen Etxarrenen lan egiten nuen, etxean. Toki nahiko zabala nuen, baina lan egiteko toki finko bat nahi nuen. Tailerra Iruñean zabaldu nuen, irisgarritasun egokia duen tokian. Autoarekin joanez gero, ez dago aparkatzeko arazorik, eta oinez edo billabesan heltzeko ez dago arazorik. Atelierra gustuko dut duen argitasunarengatik. Aurrean parke bat dut, ondoan ez dut eraikuntzarik eta lan egiteko toki egokia da, josteko eta patroigintza egiteko garrantzitsua baita toki oso argitsua izatea. Bestela asko nekatzen zara.
“Diseinatzen dudan jantzia emakumearen osagarri izatea nahi dut, armonikoa izatea; diseinua janzten duen emakumea eroso sentitzea”
'Amè&Art' jaialdian parte hartzen hasi zinen, eta ikusgarritasun handia lortu zenuen Mikel Luzea ile apaintzailearendako sortu zenituen estilismoekin. Zure jantziak han eta hemen ikusten hasi ziren eta zure bildumak Navarra Fashion Weeken aurkezten hasi zinen.
Bai, hori guztia tailerra ireki nuenean etorri zen, 2015ean. Aipatutako lehiaketa eta proiektu horiei esker jendeak ni eta nire marka ezagutu du, nire lanak prentsan eta komunikabideetan agertu baitira. Pertsona oso aktiboa naiz, proiektu ezberdinetan sartzea gustatzen zaidana. Proiektu batean arropak diseinatzen ditudanean, oihalak aukeratzen ditudanean, estilismo bat egiten dudanean edo antzezlan baterako jantzi guztiak diseinatzen ditudanean bilatzen dudana da proiektua nire gustukoa izatea, polita izatea, profesionalekin lan egitea, bihotza duten proiektuak izatea eta ikastea. Gainontzeko guztiaren gainetik. Niretako garrantzitsua da erronka txiki batzuk lortzea. Hau da, proiektua hasten dudanetik bukatzen dudan arte eboluzio bat egotea.
ILAZKI MARTIRENA, GERTUTIK
Nortzuk dira zure erreferentziazko jostunak?
Oso tipikoa da baina Balenciaga izugarri gustuko dut. Ahal dudanean Getariara joaten naiz, Balenciaga Museora, bertan egiten dituzten ikastaroetara. Balenciagan patroiak nola egiten zituzten erakusten dute, nola josten duten, teknika… asko gozatzen dut. Eta nire beste erreferente historikoa Coco Channel da. Modan sekulako iraultza egin zuen. Gaur egun emakumeak nola janzten garen, gure arropa, estiloa… berari asko diogu eskertzeko, moda eraldatu zuelako.
Nori zuzenduta daude zure jantziak?
Nagusiki emakumeendako arropak egiten ditut eta batez ere erosotasuna bilatzen dut. Jantzia erosoa izatea, garbitzeko eta lisatzeko erraza izatea eta diseinu pixka bat izatea. Ez dut nahi bakarrik nire soinekoa ikustea, baizik eta soineko hori daraman emakumea ere ikustea. Hau da, jantzia emakumearen osagarri izatea. Finean, diseinu hori daraman emakumea eroso sentitzea eta arropa horrek emakumeari garrantzia ez kentzea. Armonikoa izatea.
“Ilazki Martirena bat jantzi nahi duten pertsona guztiak ilusio berberarekin janzten ditut”
Zeintzuk dira Ilazki Martirenaren aurtengo tendentziak?
Bi linea egin ditut. Batetik, egunero erabiltzeko arropa, beti landu izan dudana. Puntuarekin lan egitea gustuko dut, mono batzuk ditut, jertseak... Nire bezero gehienek etxetik kanpo lan egiten dute eta lanean eroso egoteko arropa behar dute, baina aldi berean pixka bat jantzia dena. Gero, etxera iristen direnean arropa horrekin eroso jarraitu nahi dute, haurrekin parkera joateko edo lagunekin zerbait hartzera joateko. Hau da, lanera zapatekin edo botekin formal jantzita joan, baina etxera iritsi, zapatilak jarri eta arropa berberarekin jarraitzea. Osagarriak erabiliz arropa bati bi aukera ematea. Bestalde, pixka bat bereziagoak diren pieza batzuk egin ditut. Oihal bereziagoak dira, patroigintza bereziagoa...
Nafarroan nola janzten gara? Ausartak gara, tendentzia berriei kasu egiten diegu, klasikoak gara…
Uste dut Nafarroan ongi janzten garela, gustua dugula. Beltza eta grisa asko erabiltzen ditugu, baina dagoen estiloa gustatzen zait. Esango nuke jendeak kontsumo arduratsuarekin geroz eta kontzientzia gehiago duela. Nire inguruan askok nahi dutena da pieza on batzuk izatea, politak, egunerokotasunean erabili ahal izateko.
Batetik low cost edo ia denboraldi bakarrerako sortzen diren arropa merke horiek erabiltzeko tendentzia dago, baina bestetik jende askok oso argi du kalitate oneko jantzi batzuetan inbertitu beharra dagoela, epe luzean irauten dutelako eta beti erabilgarriak direlako. Bi joerak konbinatzen ditugu?
Nik uste dut geroz eta kontzientzia gehiago dagoela eta ez dela gaur egungo kontua, urteak daramatzagula kontzientzia hori hartzen. Kontsumitzaile guztiek merkatua aldatzeko aukera dugu. Esaterako, ondoko arropa dendan erosten badut, diru hori pertsona eta saltoki horrek aurrera egin ahal izateko inbertitzen dut. Eta, ildo honetan, modak bere merkatua du.
Armairu batean zein arropa dira ezinbestekoak?
Hori oso pertsonala da. Garrantzitsua da guztiok armairuan dugunaz kontziente izatea, armairuan dugunaren analisi bat egitea, erosteko orduan zer behar dugun jakiteko. Gure behar errealak jakitea, kontsumo arduratsua egiteko. Esaterako, ni beltzez janzten naiz askotan, eta soineko beltz asko izaten ditut. Serioago joan nahi badut beltzez guztiz, edo bestela zapatekin jolasten dut. Oso garrantzitsua da beroki on bat izatea, hori bai. Oinarrizko arropa batzuk ditut eta gero bereziagoak diren pieza batzuk: alkandora edo txaketa bereziren bat… eta beraiekin jolasten dut. Baina hori oso pertsonala da.
Nor jantziko zenuke gustura?
Nahi duen pertsona oro jantziko nuke gustura. Etortzen diren emakume edo gizon guztiek niretako garrantzi berbera dute. Ilazki Martirena pieza bat jantzi nahi duten pertsona guztiak ilusio berberarekin janzten ditut.
Zure jantziak dagoeneko aldizkari eta gehigarri batzuetako azalean azaldu dira, ON gehigarrian, esaterako. Zein komunikabideko azalean ikusi nahiko zenuke zure diseinuren bat?
Egia esan, ez dut sekula pentsatu, hausnartuko dut (kar, kar…). Hain sartuta gaude tailerrean, lana ateratzen, askotan kosta egiten zaigula amets horietan pentsatzea.
“Bi bokazio ditut: arropak egitea eta irakasle izatea, pasioa dudan ofizioa transmititzea”
ATELIERRA
Ilazki Martirena atelierrean zenbatek lan egiten duzue?
Orain arte bakarrik egon izan naiz. Zenbaitetan kolaboratzaileak izan ditut, baina orain lan talde bikaina dut. Jimena lankideak diseinu grafikoko arloa lantzen du, webgunea eta sare sozialak. Konfinamenduan nirekin egin zituen praktikak, lotura bikaina dugu eta hilabete batzuk daramatza nirekin. Luismi Bartzelonatik etorri zen duela hilabete gutxi; tailerrean hasi zen lanean, josten, eta talde ona osatzen dugu. Eta Sofia praktikak egiten dabil. Bakoitzak gure funtzioa dugu eta gure artean oso harreman eta komunikazio ona dugu. Komunikazio hori lortzea oso zaila da, eta oso pozik nago.
Zure bildumako jantziak non eros daitezke?
Une honetan nire bilduma atelierrean dut bakarrik. Atelierra bitan banatua dut: alde batetik tailerra dago eta bestetik showrooma, denda. Bezeroei hitzordua emanez lan egiten dugu. Deitzen naute, hitzordua jarri eta arropa erakusten diet edo nahi duten enkargua hartzen diet. Horrela lan egiten dut guztia behar bezala antolatu ahal izateko. Proiekturen bat aurkeztu behar badut jo eta su egoten gara lanean, eta une horretan ezin ditut bezeroak hartu. Beraz, deitu, ordua hitzartu eta jantziak erakusten dizkiet, beti konpromisorik gabe.
Jantzi batzuk eginak dituzu eta momentuan bertan eros daitezke, baina beste asko pertsonalizatzen dituzu, ezta?
Nahiz eta bilduma finko bat izan, pertsonalizatzeko aukera ematen dut, bakoitzak gure beharrak ditugulako. Agian jantzi bat gustuko duzu baina kolorea ez, edo mauka luzeagoak jarriko zenizkioke edo gona luzatu edo moztu. Bezeroari arropa hori pertsonalizatuko diogu, helburua jendeari bere gustuko arropa egitea baita. Eta bezeroek balorean jartzen dute. Patroiak aukeratu,oihal motak aukeratu eta gero jolasten hastea da kontua.
La Moreako diseinatzaile berrien saria jaso duzu hainbatetan, Donostian eta Bilbon ere saritua izan zara, eta sari horiei esker zure jantziak hainbat argitalpeneko azala izan dira. Honek guztiak horrenbesterako laguntzen al du?
Zure markari ikusgarritasuna emateko, jendeak zure lana ezagutzeko eta esperientzia hartzeko asko laguntzen du. Ni irakaslea naiz eta ikasleak halako lehiaketetara aurkeztera animatzen ditut. Inbertsio handia da, material guztia ordaindu behar duzulako eta ikasleek ez dutelako diru askorik, baina nik lehiaketetan pila bat ikasi dut, jendeak ezagutu nau eta elkarrizketa asko egin izan dizkidate. Pixkanaka eskarmentua hartu eta sektoreak nola funtzionatzen duen ikusten duzu. Profesional izateko nire bidea izan da.
“Modaren sektorean lan egiten dugunok bakarrik dakigu atzean zenbateko lana dagoen”
Denetariko estilismoak diseinatu dituzu etxe ezagunetarako, zenbait musikarik zure jantziak janzten dituzte, antzezlanetako jantziak egin dituzu… Webgunean dituzu jasoak, portfolioan. Azkenean, hori da zure curriculuma.
Hori da zure lanaren erakuslea. Badaude proiektu asko oraindik portfolioan ez ditudanak erakutsi. Ildo honetan, gure lanbidean egun batetik bestera ez da guztia ikasten. Moda oso eremu zabala da, teknika pila bat daude, eta pausoka ikasi behar dira. Gurean urte asko pasata jasotzen dira fruituak. Mundu honetan lan egin nahi dutenei pazientziaz hartzea gomendatzen diet; konstantea izanez gero eta benetako apustua egiten bada, azkenean norberak bere lekua lortuko du.
UNIBERTSITATEAN IRAKASLE
Atelierrean nahikoa lanik ez, eta irakasle ere bazara, Nafarroako Unibertsitatean.
Diseinuko karreran modako gradu bat dago eta nik patroigintza eta josten irakasten diet ikasleei. Oso pozik nago, sektore honetan lan egin nahi duen jendeari irakasten diodalako, ikasteko gogotsu dagoena eta pasio eta ilusio hori duena. Gehienak ia ezer jakin gabe etortzen dira eta ikasturtea maila batekin bukatzen dute; bakoitzak berea, baina maila batekin. Irakasle gisa lan egitea bokazio bat da. Atelierrean eta hainbat tokitan urte askotan eman izan ditut klaseak. Bi bokazio ditut: arropak egitea eta irakasle izatea, pasioa dudan ofizioa transmititzea.
NAVARRA FASHION WEEK
Urriaren 22an Navarra Fashion Weeken (NFW) zure azkeneko bilduma aurkeztu zenuen eta kritika oso onak jaso dituzu. Desfile berezia izan zen, modeloek Suakai taldeko Claudia OsÈs biolin jolearen doinura desfilatu baitzuten.
Halako desfile bat antolatzeak sekulako lana du, batez ere azken orduko erabakia bada, kasu honetan gertatu zen bezala. 2015etik ez nuen NFW-en desfilatu, eta zerbait berezia egin nahi nuen, ezberdina. Suakaiko Claudiarekin hitz egin nuen, Suakaikoekin hiru urte baitaramatzat lanean, beraien jantziak eta estilismoa diseinatzen, eta desfilean biolina jotzea proposatu nion, inprobisazio bat egitea, eta batez ere, ongi pasatzea. Berehala baiezkoa eman zuen. Esperientzia polita izan zen. Oso ongi egin zuen, eta egia esan guztia ondo atera zen. Desfilea egun batzuk pasata ikusi nuen, unean ez baituzu ezer ikusten, kaosa besterik: zapata hemendik, gerrikoa handik… banbalinen atzean egoten gara beti. Baina bideoa ikusi nuenean pozik geratu nintzen.
Desfilean oholtzara atera zinen, agurtzera, soineko berezi batekin.
Bai, pasarelara atera nintzen, eta hori niretako momentu okerrena izaten da, ni oso-oso lotsatia bainaiz eta atzean gustura egoten naizelako. Ateratzea kosta egiten zait, baina egin behar da eta egin nuen. Soinekoa polita zela esan zidaten, atelierreko ate irekietan izanen da.
Gustatuko litzaizuke noizbait zure bilduma pasarela handietan –Cibeles, Paris, Milan, New York…– aurkeztea?
Esperientzia gisa gustatuko litzaidake, mundua ezagutzeko plataforma bikaina izango litzatekeelako, baina ez da une honetan lortu nahi dudan helburua.
ILAZKI MARTIRENA, APUSTUA
2021eko ilbeltzean Stella 2021 Iruñeko Erregeen Kabalkada konpartsak antolatutako ikuskizuneko jantziak diseinatu zenituen.
Pandemia zela eta, ezin zen Errege Magoen Kabalkada egin, eta horren ordez azaroaren erdialdean konpartsak erabaki zuen Nafarroa Arenan Stella 2021 izeneko ikuskizuna egitea. Suakaikoek deitu ninduten ea proiektuan parte hartu nahi nuen, eta izugarria izan zen: bost astetan egin genituen jantzi guztiak.
Une honetan zein proiektutan zaude murgilduta?
Estitxu Pinatxok larunbatean disko berria aurkeztu zuen, eta lan berrirako estilismoa egin diot, bere estiloari buelta bat eman nahi ziolako. Baina une honetan nire marka, Ilazki Martirena, aurrera ateratzen murgilduta nago buru belarri. Bi urte neramatzan arropa bilduma egin gabe bestelako proiektuetan murgilduta. Zer egin nahi nuen eta nire tokia aurkitzeko egin nuen geldialdi hori. Orain marka sustatzearen aldeko apustua egin dut eta horregatik osatu dut atelierreko lantaldea. Jimenak irudi korporatiboa lantzen du, nik kudeaketa egiten dut, patroigintza eta joskintza, eta Luismik josten laguntzen du. Nire helburua tailerreko lana ateratzea eta nire markan lan egitea da. Horrek ez du kentzen antzerki talde batendako jantziak diseinatzea edo bestelako proiektu txikiak egitea, baina orain nire lehentasuna nire atelierra eta marka aurrera ateratzea da.
Kanpotik begiratuta modak friboloa dirudi, efimeroa, baina atzean sekulako lana dago, imajinatu ere ezin dezakeguna.
Egia da, modak irudi friboloa du. Bakarrik sektore honetan lan egiten dugunok dakigu atzean zenbaterainoko lana dagoen. Ikasten hasi nintzenean lehendabiziko hilabetean konturatu nintzen moda zenbat gustatzen zitzaidan, baina aldi berean zeinen gogorra den eta zenbat lan egin behar den. Praktikak Miriam Ocarizekin egin nituen, Bilbon, eta hor jabetu nintzen guztiaz. Uste nuen Ocarizena glamourrez jositako tailerra izango zela, baina lantegi bat zen, ordu pila sartzen ziren tailerra. Adibidez, NFW-eko prestatu nuen desfileak 8 minutu iraun zituen, baina 8 minutu horien atzean sekulako lana dago: patroi guztiak egin, patroiak ongi daudela konprobatu, oihalak bilatu eta aukeratu, guztia josi, probatu, zapatak eta osagarriak bilatu, estilismoak egin, dena probatu... Horretaz gain, bestelakoak erabaki behar dituzu, musika, esaterako. Suakaiko Claudiak biolina jo zuen, baina Gorka Pastorrek oinarrizko basea egin zuen, aste bateko epean. Argiztapena aukeratu behar da, koreografiak prestatu… sekulako lana da. Eta bakarrik behin egingo den ikuskizun baterako. Egia da desfile horretatik gerora erabiliko duzun material asko lortzen duzula: bideoak, argazkiak, arropak… baina ez baduzu mundu hau gertutik ezagutzen, ezin duzu imajinatu ere egin zenbateko lana dagoen atzean. Azken finean, glamour une hori ikusten du jendeak, baina hori sortzeko atzealdean ordu asko daude.
ASTEBURUAN, ATE IREKIAK
Normalean hitzordua emanda hartzen dituzu bezeroak, baina tarteka ate irekiak egiten dituzu eta hain zuzen ere, asteburu honetan izanen dira.
Bai, eta nahi duen jende guztia hurbildu daiteke. Guztiak ongi etorriak zarete. Gaur, ostirala, azaroak 12, 17:00etatik 20:00ak arte izango dugu atelierra zabalik, eta bihar, larunbata, 11:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte. Abenduan ere beste ate ireki batzuk antolatuko ditugu. Prestatzen ditudan ekimen guztien berri sare sozialetan ematen dut.