Pilota

Zabaleta Buruz Buruko borrokan sartu da

Guaixe 2022ko mai. 4a, 10:10
Dariok ongi jokatu zuen, baina Zabaleta horrela dagoenean zaila da partida aurrera ateratzea. ASPE

Atzelari etxarrendarrak Dariori 22 eta 14 irabazi zion sekulako erakustaldia emanez, eta final laurdenetako ligaxkako lehen puntua lortu du

Jo eta jo. Mailu bat bailitzan, horrela ibili zen atzo, asteartea, Jose Javier Zabaleta Legazpin. Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia ixten zuen partidan, Etxarrengo atzelariak Dario Gomez izan zuen aurkari. Dario oso indartsu dago eta lehen jardunaldian sekulakoak eta bi ikusarazi zizkion Altunari –Altunak eskuko minez bukatu zuen–, baina asteartean ezer gutxi egin ahal izan zuen Zabaletaren jotzearen kontra. 

Izan ere, Zabaleta ikusgarri aritu zen: hamahiru tanto egin zituen, eta beste hiru sakez. Lehen atseden luzerako 12 eta 6 aurreratu zen. Dariok ez zuen etsi eta 12 eta 10 hurbildu zen, baina Zabaletak ez zion aukera gehiagorik eman nahi izan, eta sekulako errezitaldia emanez, nagusitasunez gailendu zen, Etxarrengoaren erauntsiari duintasunez erantzun zion Dariori 22 eta 14 irabazita. Horrela, Zabaleta Buruz Buruko borrokan sartu da, larunbatean Altunaren kontra –Amezketakoa eskuko minez osatzen bada– jokatuko duen partidatik aterako baita finalerdietako beste hautagaia. Dario, aldiz, Buruz Burukoan aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da.