Pilota

Nahi ez zuen bezala

Guaixe 2022ko mai. 9a, 11:00
Altuna alor guztietan gailendu zitzaion Zabaletari. OSKAR GONZALEZ

Zabaletak agur esan dio Buruz Burukoari, Altunaren kontra 22 eta 5 galdu eta gero

Larunbatean Donostiako Atano III.ean jokatutako Buruz Buruko final laurdenetako hirugarren eta azken jardunaldian Jose Javier Zabaletak Jokin Altuna izan zuen arerio ikusmin handia piztu zuen partidan, Zabaleta Darioren kontra ikusgarri jokatzetik baitzetorren eta Altuna bigarren partida ez jokatzetik, lehen jardunaldian eskuko minez bukatu baitzuen. 

Zabaletak errekuperatzeko tarte gutxiago izan zuen, eta etxarrendarra kezkaz josia kantxaratu zen Atano III.era. Amezketakoak berehala sumatu zuen, eta hasieratik dena eman zuen eta oso ondo zegoela erakutsi zuen. 

Altunak Zabaleta hasieratik egurtu zuen. 9 eta 1 aurreratu zen gipuzkoarra. Altunak Zabaleta jokoz kanpo utzi zuen, ezkerrez gantxoa ondo markatu eta etxarrendarra kontrakantxarantz bulkatuz, eta sakez ere bikain aritu zen eta sake-errematean ere ongi. Finean, Altuna Zabaletaren gainetik pasa zen eta 22 eta 5 gailendu zitzaion Zabaletari. Zabaletak ez zuen batere gozatu eta bere eskuin eskua ez zen bestelakoetan bezain jotzailea izan. Etxarrengo atzelariak txapelketa nahi ez zuen bezala utzi behar izan du. 

Finalerdiak
Finalerdiak asteburuan jokatuko dira. Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izango du arerio larunbatean Eibarko Astelenan, eta Altuna III.ak eta Lasok igandean jokatuko dute, Bilbon.