Pilota

Zabaleta ez da finalean egongo, baina erregea izaten jarraitzen du

Guaixe 2022ko uzt. 12a, 12:20
Zabaleta ikusgarri aritu zen, Labriteko zaleek eskertu zutena.

Altunak eta Rezustak 22 eta 18 irabazi zieten Irribarriari eta Zabaletari Sanferminetako Binakako Torneoko orain arteko partidarik onenean. Zabaleta ikusgarri aritu zen eta Bombonerak “Sigo siendo el Rey” kantatu zion

Katedrak dioenez, Sanferminetako Binakako Torneoko partidarik onena jokatu zuten atzo, astelehena, Irribarria-Zabaletak eta Altuna-Rezustak, beteta eta festa giroan zegoen Labriten. Finalerako nor sailkatuko zen zuten jokoan: sari ederra. Partidak final handien kutsua izan zuen.

Partida gogorra izan zen, lan handikoa. Lau pilotariek bikain jokatu zuten eta final handian egoteko dena eman zuten. Irribarriak eta Zabaletak hasieratik partida gogortu zuten, eta Rezusta zigortzen hasi ziren, Altuna ekiditeko. Zabaletaren eskuinkadak ikaragarriak izan ziren, baita Irribarriaren kanoikadak ere. 4 eta 6 aurreratu ziren, eta Altunari partidan sartzea kosta egin zitzaion. Hala ere, gipuzkoarrek eutsi zioten eta Rezustak erauntsiari aurre egin zion. Irribarriak eta Zabaletak atera zuten aldea inoiz ez zen hiru tanto baino gehiagokoa izan. Altunak Rezustari ahal izan zituen pilota gehienak kendu zizkion, eta tartea izan zuenean, eraso egin zuen. 

Hamabiko berdinketaren ondoren aldatu zen joera. Irribarriak bolea argi bat huts egin zuen, eta pilota aldaketarekin gora egin zuten Altunak eta Rezustak, partida euren aldera eramanez. Orduan hasi zen Altunaren errezitaldia. Pilota bikain gurutzatu zuen, errematean arriskatu zuen, ezkutuko angeluak bilatu zituen eta gutxika gipuzkoarrek jokoaren kontrola hartu eta markagailua euren aldera irauli zuten. Irribarria eta Zabaleta, aldiz, hustu egin ziren, eta akatsak pilatu zituzten. Azkenean, 22 eta 18 irabazi zuten Altunak eta Rezustak, eta final handirako sailkatu ziren. 

Partida ederra izan zen, zaleak altxarazi zituena, zaletasuna sortzen duena. Zabaletak galdu egin zuen, baina Labrit guztiak, zutik, “Sigo siendo el Rey” kantatu zion, sari bikaina. 

Ezkurdia eta Martija kanpoan geratu direnez, Sanferminetako Binakako finalean ez dugu ordezkari sakandarrik izango. Gaur Artola-Mariezkurrenak eta Jaka-Arangurenek jokatuko duten partidatik aterako da beste bikote finalista, ostegunean Altunaren eta Rezustaren kontra lehiatuko dena.