Pilota

Beroak Zabaleta desegin zuen

Guaixe 2022ko uzt. 18a, 10:20

Zabaletak oso gaizki pasatu zuen. OSKAR GONZÁLEZ

CaixaBank Masterseko lehen jardunaldiko partidan Zabaleta ondoezik sentitu zen partidaren zati luze batean, bero itogarriarengatik

 

Uztailaren 14an hasi zen Caixabank Mastersa, Balmasedan. Irribarriak eta Albisuk 12 eta 22 irabazi zioten Urrutikoetxeari eta Rezustari. Atzo, igandea, lehen jardunaldiko bigarren partida hartu zuen Barakaldok: Jakak eta Zabaletak Altuna eta Imaz izan zituzten aurkari. 

Zabaleta, zorabiatuta
Bero itogarria zegoen ia erdiraino bete ez zen Barakaldoko pilotalekuan. Labe Garaien antzera, halakoa zen sentsazioa. Eta berotzarrak guztiz baldintzatu zuen partida. Egoera horretan, Jose Javier Zabaletak sufritu zuen gehien. Markagailuan 5 eta 9 zirela, Etxarrengo atzelariak aldageletara joan behar izan zuen, ondoezik. Kantxara itzuli zen, baina agerikoa izan zen ez zela betiko Zabaleta. Inondik inora. 

Pilotarien osasuna arriskuan zegoen sentsazioarekin jokatu zen partida osoa. Jakak bezperan Zornotzan jokatu zuen, esaterako, eta laugarren tantotik zorabiatuta ere ibili zen Zabaleta. Medikuek eta enpresa ordezkariek ongi sentitzen ez bazen partida bertan behera utziko zutela esan zioten, baina burua freskatuta jokatzen jarraitu zuen etxarrendarrak eta partida bukatzea lortu zuen, nola edo hala. 

Altuna eta Imaz hobeto egokitu ziren Barakaldoko frontoiko bero itogarrira. Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoteak, baina bosnako berdinketaren ondoren Altunak eta Imazek 10 tantoko partziala egin zuten eta 5 eta 15 aurreratu ziren. Lesioaren ondotik behar bezala errekuperatzen ari dela erakutsi zuen Altunak, eta Imaz ere sasoiko ibili zen. Erik Jakak denetatik izan zuen. Erasoan eraginkor hasi, baina Zabaletaren beheraldiak eragin handia izan zuen eta bukaeran berak ere hala bukatu zuen. Azkenean, 15 eta 22 galdu zuten Jakak eta Zabaletak. 

Laso-Martija / Ezkurdia-Mariezkurrena, ostiralean
CaixaBank Masterseko lehen jardunaldiko hirugarren partida ostiralean jokatuko da, Oñatin. Lasok eta Martijak Ezkurdia eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari, ikusgarria aurreikusten den partidan.