Pilota

Laso eta Zabaleta Donostia Hiriko Torneotik kanpo

Guaixe 2022ko abu. 29a, 10:05
Larunbatean Laso eta Mariezkurrena Bilboko Torneoko garaipena ospatzen, Zabaletaren eta Elezkanoren aurrean. Igandean lehenengoz elkarrekin jokatu zuten Lasok eta Zabaletak.. BORJA GUERRERO

Bi nafarrek elkarrekin jokatu zuten lehen aldiz, aurreko egunean Bilboko Torneoan elkarren aurkari izan eta gero. Katedra euren mustutzeaz gozatzeko gogoz zegoen, baina Irribarriak eta Albisuk festa nafarra zapuztu zuten

Unai Lasok eta Jose Javier Zabaletak lehengo aldiz osatu zuten bikotea igandean Atano III.ean jokatutako Donostiako Hiriko Torneoko finalerdian. Bikotea jokatzen ikusteko ikusmin handia zegoen. Dirua haien alde atera zen, baina arerioek, Iker Irribarriak eta Jon Ander Albisuk, nafarren mustutzea zapuztu zuten. 

Fresko jokatu zuten Irribarriak eta Albisuk. Laso eta Zabaleta, ordea, ordu batzuk lehenago Bilboko Aste Nagusiko finala jokatzetik zetozen, eta agian neke horrengatik edo udako egutegi estuagatik, ez ziren ohi bezala aritu. Lasok ez zuen partidan sartzea lortu, eta Irribarria gailendu zitzaion. Albisu ere primeran aritu zen, eta biko gipuzkoarra hasieratik aldea ateratzen hasi zen, 3 eta 13. Nafarrek erantzutea lortu zuten, eta 12 eta 17 gerturatu ziren; baina Irribarriak eta Albisuk errezitaldi ederra eskaini, eta 13 eta 22 irabaztea lortu zuten. 

Ezkurdiaren eta Mariezkurrena zain
Donostia Hiriko Torneoaren finala ostiralean jokatuko da. Joseba Ezkurdiaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra jokatu beharko dute Irribarriak eta Albisuk. 

Bilboko Torneoa tanto bakarrarengatik galdu zuen Zabaletak
Larunbatean Bilboko Aste Nagusiko Torneoko finala jokatu zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak Lasoren eta Mariezkurrena II.aren kontra. Final estu, gogor eta ikusgarria eskaini zuten lau pilotariek, 21era berdinduta, azken tantoak erabaki zuelako. Zabaletak eta Mariezkurrenak izandako borroka beste mundukoa izan zen, biek sekulako maila eskaini baitzuten. 85 minutu iraun zuen partidan 667 pilotakada gurutzatu ziren, finalaren gogortasunaren isla. Elezkanok eta Zabaletak ia eskuan izan zuten txapelketa, baina Baikokoek partidari buelta ematea eta txapelketa irabaztea lortu zuten, azken tantoa euren aldera erori zelako.