Pilota

Jaka eta Zabaleta, CaixaBank Masterseko finalerdietan

Guaixe 2022ko ira. 12a, 07:48
Jaka eta Zabaleta, partida bukatuta. ARTXIBOA

Irribarria-Albisuren kontrako play-offa galdu zuten, baina Altuna eta Imazen garaipenari esker lortu dute txartela

Asteburuan CaixaBank Masterseko play-offak jokatu dira, torneoko finalerdietarako jokoan zeuden hiru txartela erabakitzeko. Ostiralean Zestoan jokatutako lehen finalerdian Jakak eta Zabaletak 17 eta 22 galdu zuten Irribarriaren eta Albisuren kontra. Zabaleta ez zen ohi bezain fin ibili, zenbait akats pilatu zituen eta Albisuk ongi egin zion aurre. Eta aurreko koadroetan Jakak ez zuen bere atzelaria behar bezala lagundu. Horrela, Irribarria eta Albisu sailkatu ziren Masterseko finalerdietarako eta Jaka eta Zabaleta beste finalerdian gertatuko zenaren zain geratu ziren, tanteoak erabakiko baitzuen nor izango zen finalerdietarako hirugarren hautagaia. 

Atzo, igandea, jokatu zen bigarren play-offa, Hondarribian. Altunak eta Imazek Urrutikoetxea eta Rezusta izan zituzten aurkari. Altunak eta Imazek aurki hartu zuten aurrea, eta errezitaldi bikaina eskaini zuten, lesiotik itzuli den Altunak bereziki, eta baita Imazek ere, Rezusta menderatu baitzuen. Horrela, Urrutikoetxea eta Rezusta zazpi tantotan utzi zituzten, jipoi ederra. Urrutikoetxea eta Rezusta ez zirenez 17 tantora iritsi, Irribarria-Albisu eta Altuna-Imaz bikoteekin batera Jaka-Zabaleta sailkatu dira CaixaBank Masterseko finalerdietara. Ligaxkan lider izan ziren Ezkurdia-Mariezkurrena dituzte zain. 

Finalerdiak Nafarroa Arenan
Finalerdiak irailaren 30ean jokatuko dira, Nafarroa Arenan. Ezkurdia-Mariezkurrenak Jaka-Zabaleta izanen dituzte aurkari, eta Altuna-Imazek Irribarria-Rezusta. Bi irabazleek bi egun beranduago jokatuko dute final handia, irailaren 2an, toki berberean.