Binakako hasierako ligaxka atzean utzita, azkeneko faseari ekin diote finalerdietara sailkatu diren lau bikoteek. Euren arteko ligaxka jokatuko da hemendik aurrera, Nafarroa Arenako finalera helduko diren bi bikoak erabakiko duena.
Hasierako ligaxkako liderrek, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak, Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena izango dituzte aurkari larunbatean Labriten. Finalerdien fasean guztia zerotik hasten da eta hala nabarmendu zuten bi bikoek. Begi gehienak atzeko koadroetan daude, bi atzelarien arteko borroka handia espero baita.
"Joseren eskuinkada inoiz ikusi dudan gogorrena eta indartsuena da. Uste dut pilotari gehienek hori uste dugula. Oso zaila da haiei kontra egitea, baina saiatuko gara" azaldu zuen material aukeraketan Mariezkurrenak.
Etxarrengo atzelariak ere errespetu handia dio Berriozarkoari. "Jonek asko jotzen du atzetik. Pilota abiadura bizian iristen da, oso atzetik. Ongi egiten badute, gora egingo dute". Beste finalerdian Lasok eta Imazek Altuna eta Tolosa izango dituzte aurkari, Ogetan.