pilota

Elordiren nerbioen ezina

Guaixe 2023ko mar. 20a, 10:15

Zabaleta atzeko koadroetan nagusitu zen, baina berak bakarrik ezin izan zuen Unai Laso frenatu. JUAN PEDRO URDIROZ

Binakako finalerdien bigarren jardunaldian Zabaletak eta Elordik 22 eta 19 galdu zuten Lasoren eta Imazen kontra. Elordi ezinean ibili zen, eta nahiz eta Zabaleta atzeko koadroetan gailendu, Unai Lasok erabaki zuen

Asteburuan Binakako Txapelketako finalerdien bigarren jardunaldia jokatu zen. Lehen jardunaldiko irabazleak, Elordi-Zabaleta eta Laso-Imaz, elkarren kontra jokatu zuten beste behin mukuru zegoen Labriten. Elordi eta Zabaleta ziren faboritoak eta apustuak beren alde atera ziren, baina lehen tantotik ikusi zen Elordi ez zegoela bere onean. Aurrelari bizkaitarra, txapelketa guztian ez bezala, oso urduri aritu zen, partidatik irtenda, bere onetik kanpo. Eta horrek guztiz baldintzatu zuen partida, Zabaletak bikain jokatu baitzuen, baina egoera horretan Aspekoek ezin izan zuten bikain jokatu zuen Unai Laso gelditu. 

Atzeko koadroetan Jose Javier Zabaleta gailendu zen, ezbairik gabe. Baina Elordi ez zegoen batere ongi, ez zen partidan behar bezala sartu, eta gogortuta aritu zen. Soilik 4 tanto egin zituen. Horrek bikotea kondenatu zuen, Zabaletak ezin izan baitzion berak bakarrik Unai Lasoren erauntsiari aurre egin. Hala ere, esan beharra dago bakarrik nahiko trebea izan zela atzelari etxarrendarra, 8 tanto egin baitzituen eta 2 akats, atzelari batendako zenbaki potoloak, eta horri esker azken unera arte paretsu egon baitzen markagailua (19 eta 19). Baina Unai Lasok erabaki zuen eta, 22 eta 19 irabazita, Baikoko bikoak bigarren puntua lortu zuen. 

Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldian lehen jardunaldiko galtzaileek jokatu zuten, eta Altunak eta Tolosak euren lehen puntua lortu zuten 22 eta 15 irabazi eta gero. Horri esker, Laso eta Imaz automatikoki sailkatu dira apirilaren 2an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako. Beste finalista Altunak eta Tolosak eta Elordik eta Zabaletak igandean, marsuak 26, Bilbon jokatuko duten partidatik aterako da. Peña II.a eta Mariezkurrena, aldiz, finaletik kanpo geratu dira.