Pilota

Finalera, baina oso triste

Guaixe 2023ko mar. 27a, 09:00
Tolosa lesionatuta eta gainontzekoen kezka aurpegia. EITB

Elordi eta Zabaleta sailkatu dira Binakako Pilota Txapelketako finalerako, 19 eta 15 galtzen ari zirenean Tolosak eskuineko bikian gihar haustura izan eta Altunak finalerdia jarraitzeari uko egin ondoren. Hiru pilotariak negarrez eta triste azaldu ziren lagunari gertatutakoaren aurrean

Elordik eta Zabaletak Altunaren eta Tolosaren kontra jokatzen ari ziren finalerdia sekulakoa izaten ari zen. Apirilaren 2an Lasoren eta Imazen kontra Nafarroa Arenako final handira nor sailkatuko zen zegoen jokoan. Bizkaia pilotalekua pilotazalez lepo zegoela, bi bikoteek ikuskizun mundiala eskaintzen ari ziren: tanto luzeak, oso borrokatuak. Aurre final epikoa izaten ari zen. 

Lau pilotariak ongi ari ziren lehian. Atzeko koadroetan Xabi Tolosak oso ongi eutsi zion Jose Javier Zabaletari, eta aurreko koadroetan Elordi fin ari zen. Eta Altuna zer esanik ez. Amezketako magoa errezitaldi ederra eskaintzen ari zen. Partida zoragarria izaten ari zen, epikoa. 19 eta 15 zeuden aurretik Altuna eta Tolosa. Final aurrekoa oraindik ez zegoen erabakita, lau pilotariak hustutzen ari baitziren, baina Zabaletak eta Elordik ez zuten berdintzea lortzen. Orduan gertatu zen ezbeharra. Xabi Tolosa hautsi egin zen. Eskuineko bikian gihar haustura  omen. Txema Urrutia medikuarekin aldageletara sartu eta ezinean zegoen anoetarra. Altunak ezin zuen bakarrik jarraitu, Tolosak frontoian egon beharra zuen, eta partida bertan behera uztea erabaki zuen Altunak. “Xabi oinazeekin egonda, oso berekoia iruditu zait jarraitzea. Garrantzitsuena bera ongi jartzea da” zioen, negar malkotan. 

Zabaleta eta Elordi ere oso triste zeuden, negarrari ezin eutsi. “Ez nago batere pozik. Egiten ari zen partidarekin Xabi lesionatzeak pena handia ematen dit. Txapelketa honetan aurrera egitea merezi zuelako. Xabi betidanik oso ongi portatu da nirekin, eta hau gertatzea ez da batere polita. Partida horrela bukatzea ez zuen merezi. Partida ikaragarri gogorra izaten ari zen, hasieratik. Tanto askotan bete egin naiz, eta Xabi lehenengo tantotik oso ongi ikusi dut. Egiten ari zen partidarekin aurrera jarraitzea merezi zuen” azaldu zuen Zabaletak, oso triste. 

Zabaleta, fisikoki justu
Gainera, atzelari etxarrendarrak ez dagoela bere onean gaineratu zuen. “Zalantza askorekin nago. Fisikoki justu nago; egun hauetan zer gertatzen den eta nola errekuperatzen naizen ikusiko dugu. Aspaldi xamar arazo batzuekin nago. Gaur justu bukatu dut, eskutatik ere pixka bat larri, eta ikusiko dugu hurrengo egunetan nola nagoen” aipatu zuen. 

Elordi negarrari ezin eutsi zegoen. “Xabi lagun handia dut. Lan asko egin du puntu honetara heltzeko” zioen malko artean. “Sekulako pena dut. Finalerako txartela dugu, baina triste gaude”. Izan ere, inork ez du nahi horrela sailkatzea, naiz eta horrek ez kendu finalean egoteko Elordik eta Zabaletak egin duten meritua, onenak izan baitziren hasierako ligaxkan, 14 partidetatik 12 irabazita. “Partida gogorra izaten ari zen. Azken pilota horrekin zenbait gantxo egin genituen, eta ikusten genuen mina egiten ari ginela. Oraindik partida bete betean geunden. Xabik lan asko egin du halako aukera bat izateko, eta partida handia jokatzen ari zen. Horrela amaitzea, pena handia da. Finalean gaude eta beraiengatik bada ere, txapela lortzera joango gara, eta lortuko bagenu beraiendako izango litzateke” izan ziren Elordiren hitzak.