Binakako finalerdia jokatzen ari zirela Tolosa lesionatu zen une gogorra buruan iltzatuta dute pilotazaleek. Altunak uko egin zion jokatzen jarraitzeari, bikotekidea sufritzen ikusita berekoia iruditzen zitzaiolako, eta Zabaleta eta Elordi lur jota, malkoei ezin eutsi azaldu ziren, lagunak finalean egotea merezi zuela adieraziz. Emozioak hitz egin zuen, eta kiroltasunik eta laguntasunik bada, hori izan zen adibiderik argigarrienetakoa. Baina pilotaren gurpil zoroak aurrera jarraitzen du, eta igandean Zabaletak eta Tolosak Laso eta Imaz izango dituzte aurkari Nafarroa Arenan jokatuko den Binakako final handian. Sarrerak agortuta daude, ikusmina handia da eta Tolosa eta Altuna taldekideei txapel preziatu horren zatitxo bat eskaintzea, horrek ere mugitzen ditu Zabaleta eta Elordi.
Zeinen gogorra izan zen igandekoa, Tolosa lesionatu zen une hori.
Oso gogorra. Igandea oso arraroa izan zen, oro har. Finalera sailkatzea genuen jokoan, horrek dakarren tentsioarekin, eta partida bukaeran Tolosaren lesioa gertatzea pena handia izan zen.
Gainera partida ikusgarria ari zen izaten, epikoa. Tanto luze eta gogorrak, eta lau pilotariak ikusgarri ari zineten.
Partida oso gogorra izan zen. Ez nuen gorputzaldi ona. Tripak gaizki sentitzen nituen eguerditik, eta ez nintzen oso ongi sentitzen. Partidan asko nekatu nintzen. Altunak eta Tolosak sekulako partida egin zuten; partida asko gogortu zuten, eta askotan beteta sentitu nintzen. Izugarri sufritu nuen.
Fisikoki ez zenuela ongi bukatu eta eskuak ere nahiko justu zenituela esan zenuen. Nola zaude?
Astelehenean lehenengo orduan masaje on bat hartu nuen. Masajistak kristoren lana egin zuen nirekin. Hobeki sentitzen naiz, gorputza askoz hobe dut eta eskuak baita ere. Egun hauetan ongi errekuperatzen saiatuko naiz.
Orain arte bi asteko epea izaten zenuten finala prestatzeko. Atseden hartu, komunikabideei adierazpenak egin eta fundamentuzko entrenamenduak egiteko tartea zenuten. Baina aurten aste bat izanda, agian garrantzitsuagoa izango da deskantsatzea entrenamendu gogor bat egitea baino.
Hala da, dagoen denbora urriarekin ez dugu entrenamendu gogorrik egingo. Ostegunean geratuko gara entrenatzeko (elkarrizketa asteartean egin zen), baina ez da saio gogorra izango. Egun gutxi daude igandeko finala prestatzeko eta gehienbat atseden hartu, hori da egingo duguna.
Egunotan Binakako Txapelketaren gogortasuna kritikatu dute zenbaitzuk. Hasierako ligaxkan 14 jardunaldi jarraian jokatzea eta segidan play-offak, finalerdietako hiru jardunaldiko ligaxka eta finala jokatzea demasa dela, eta gogortasun horrek ez diola pilotariei ez pilotari berari onik egiten entzun da.
Agian pixka bat gehiegi izan daiteke. Binakakoa oso txapelketa luzea da, hilabete askokoa. Aste asko zaude txapelketan sartuta, eta horrek asko nekatzen du. Pilotariak finalera nola iristen ari garen, justu, argi ikusi da. Aurreko astean Lasok eta Imazek baja egin zuten eskuetatik justu zeudelako, Tolosaren lesioa igandean... Oso txapelketa zaila eta luzea da.
“Niri, bereziki, aurtengo txapelketa orain arteko gogorrena iruditu zait”
Honen inguruan enpresek hausnartu beharko luketela uste al duzu?
Baliteke. Niri, bereziki, aurtengo txapelketa orain arteko gogorrena iruditu zait. Ez dakit zergatik. Agian ni okerrago iritsi nintzelako txapelketara edo arerioak indartsuago ibili direlako, Ez dakit zergatik den, baina oso gogorra iruditu zait. Txapelketa laburragoa jartzea aukera bat izan daiteke.
Inork ez du ukatzen final horretan egoteko Elordik eta biok duzuen meritua. Txapelketa ikusgarria egin duzue. Ligaxkako liderrak izan zineten, 14 partidetatik 12 irabazita, eta finalerdietan ere serio aritu zineten, Altunaren eta Tolosaren kontra oraindik ez baitzegoen ezer erabakita. Zu txapelketako pilotaria izan zarela diote askok, maila ikaragarria erakutsi baituzu.
Lehenengo esaldiarekin ados nago. Bion artean txapelketa borobila egin dugu orain arte. Oso ongi konpondu gara elkarrekin, eta bikotea osatu dugu. Eta txapelketa honetan hori da garrantzitsuena. Nire mailari dagokionez, esan dudan bezala aurtengoa orain arteko txapelketa gogorrena izaten ari da. Neure buruarekin oso zorrotza naizenez, pentsatzen dut agian hobeki ibili behar nuela, baina egindako txapelketarekin, egia esan, pozik nago. Partida asko irabazi ditugu, eta orain beste bat gehiago nahi dugu. Txapela lortzeko aukera dugu, eta ongi borrokatzen saiatuko gara. Ea aurrera ateratzen dugun.
Elordi eta biok oso ezberdinak zarete. Elordi hitzontziagoa, animatuagoa, eta zu lasaiagoa eta serioagoa. Agian horregatik konpondu zarete horren ongi?
Berarekin oso ongi ibili naiz. Aitor oso alaitsu ikusi dut, beti dago umore onez. Ni lasaiagoa naiz, eta azkenean badirudi bere alaitasuna eta nire lasaitasuna oso ongi konpondu direla.
“Lasori eta Imazi irabaztea asko kostatzen da. Gauzak oso ongi egin beharko ditugu”
Hasierako ligaxkan bi partidak irabazi zenizkieten Lasori eta Imazi, eta finalerdietako ligaxkan 22 eta 19 galdu zenuten euren kontra. Elordik egun horretan izan zuen beheraldia agian ongi etorriko zaizue finalari begira, txakalalditik aurrera gora egin baitu Elordik.
Horixe bera pentsatzen dut. Lasoren eta Imazen kontrako finalerdian Aitorrek ez zuen egun ona izan. Urduri egon zen, blokeatuta. Baina hori normala da; txapelketako hamaseigarren partida zen, eta aurreko guztietan ongi jokatu zuen; oso zaila da partida denetan ongi jokatzea. Egun txarra izan zuen, baina Altunaren eta Tolosaren kontra ikusi zen aurreko asteko partida hori ahaztua zuela eta berriro oso ongi dagoela.
Lasoren eta Imazen kontra finalean jarraitu beharreko estrategia prestatu al duzue? Ala unean bertan erabakiko duzue nondik jo?
Partida aurretik beti prestatzen duzu zerbait, baina gero, partida nola doan ikusita, beti zerbait aldatu edo egokitu egin behar izaten da. Beraz, zenbait planteamendu erabakita utziko ditugu, eta gero, partidaren martxa ikusita, aldatu behar badira, hala egingo dugu.
Nafarroa Arena gustuko al duzu?
Bai. Lasai nago, ezagutzen dudan frontoi bat delako. Elordik ere bertan jokatu du eta ezagutzen du. Beraz, alde horretatik ongi. Frontoi gogorra da, baina beti nahiko ongi moldatu naiz Nafarroa Arenan.
Igandeko finala kontuan hartu gabe, orain arte Binakako lau final jokatu dituzu eta hiru txapela irabazi dituzu: 2013an Irujorekin lortutakoa, Berasaluzeren lesioa tarteko; 2018an Ezkurdiarekin lortutakoa; eta 2021ean Elezkanorekin eskuratutakoa. Laugarren txapela janzteko gogotsu al zaude?
Bai, beste final bat irabazteko gogoekin nago. Elordik final hau jokatzeko duen ilusioa sekulakoa da; ea partida ona egiten dudan eta Aitor laguntzeko aukera dudan, bere lehenengo txapelketa nagusia eta lehenengo txapela litzatekeena lortzeko. Ea finala aurrera ateratzen dugun. Nire Binakako laugarren txapela litzateke, eta hori ere itzela litzateke. Esan didatenez, Titinek lau txapelketa irabazi zituen Binaka, eta hori berdintzea mundiala litzateke.
Elordiren ilusioa nabarmendu duzu. Izan ere, debutatzen duen pilotari baten ilusioa kutsagarria da.
Elordi maila handian jokatzen ari da, baina txapelketa nagusi batean debutatzeko aukera pixka bat berandu suertatu zaio. Izan ere, gure enpresan aurrelari oso onak daude, eta zaila da txapelketetan sartzea. Aitor oso motibatuta dago, alaitsu, ilusioz gainezka, eta aldi berean oso lasai dago. Horrek ere niri laguntzen dit, aste honetan lasai egon eta konfiantza hartzeko.
Finala oso zaila izango da. Hor ez dago zalantzarik.
Txapelketa guztian barna partida oso zailak egoten dira, baina finala zailena izaten da. Beraiek ere txapela lortu nahi dute. Euren kontrako finalerdiko partida oso gogorra izan zen. Lasori eta Imazi irabaztea asko kostatzen da. Finalerdietan ez genuen lortu, eta finalean gauzak oso-oso ongi egin beharko ditugu eurei aurre egin eta irabazteko. Halako partidatan ez dago faboritorik. Bi bikoteek %100-ean borrokatuko dugu eta edozeinek irabazi dezake.
Galdu edo irabazi, ospakizunen bat egin beharko duzue.
Hala espero dut. Ea egunotan finala gustura prestatzen dugun, eta ondoren zerbait polita egiteko aukera dugun.
Zu Etxarrengoa zarenez eta Aitor Mallabikoa, elkarrekin ospatzea zaila izango da.
Elkarrengandik urruti bizi gara, eta oso zaila da puntu batean elkartzea. Bakoitzak bere aldetik ospatuko dugu.
“Halako finaletan ez dago faboritorik. Bi bikoteek %100ean borrokatuko dugu eta edozeinek irabaz dezake"
Txapela lortuz gero, puska bat Tolosarendako eta Altunarendako izango da, ezta?
Noski. Igandean esan nuen moduan, Tolosa betidanik oso ongi portatu izan da nirekin. Harreman oso ona dugu. Urte asko daramagu elkarrekin entrenatzen, askotan ikusten dugu elkar, batzuetan ia astero. Txapela lortzen badugu beraiendako izango da ere, eurek ere finalean sartzea merezi zutela uste dudalako. Gure kontra sekulako partida jokatzen ari ziren biak. Beti esaten dut Aspen kristoren taldea dugula, denak oso ongi konpontzen gara.
Altunak, Elordik eta hirurok Tolosaren lesioaren aurrean izan zenuten elkartasunezko erantzuna bihotzetik sortutakoa izan zen, pilotazaleak guztiz hunkitu zituena. Bere txarrean, irudi polita eman zenuten. Ea igandean, txapela lortuta, borobiltzerik duzuen.
Horretan saiatuko gara. Ea txapela hori lortzeko gai garen, gure lagun eta lankideei zatitxo bat eskaintzeko.