Pilota

Has dadila Nafarroa Arenako ikuskizuna

Maider Betelu Ganboa 2023ko api. 2a, 15:00
Lau finalistak, material aukeraketan. OSKAR MONTERO

2023ko Binakako Pilota Txapelketa luze eta gogorreko txapeldunak nor izango diren erabakiko du Nafarroa Arenak: Elordi-Zabaleta edo Laso-Imaz. Finalak aparteko ikusmina sortu du eta final ikusgarria espero da

Final batek beti sortzen du ikusmina, baina aurtengoak agian aparteko interesa sortu du. Faktore askorengatik. Batetik, Jose Javier Zabaleta erraldoi baten laguntzarekin txapelketan debutatu duen Aitor Elordik sekulako maila eman duelako. Hasierako ligaxkan 12 puntu lortu zituzten eta finalerdietan Lasoren eta Imazen kontra 19 eta 22 galdu zuten, Elordik txapelketan izan zuen txakalaldi bakarrean. Bestetik, Unai Lasok izugarri erakartzen du. Eta Iruñean, Nafarroa Arenan, zer esanik ez. Azkenik, pilotazaleek ez dute ahazteko igandean Tolosa lesionatu zenekoa. Elordi eta Zabaleta jota geratu ziren eta lesionatutako lagunari txapelaren zati bat eskaintzea, hori da duten akuiluetako bat.

Lasok eta Imazek txapelketan behetik gora egin dute nabarmen. Imazek baja egin zuen hasierako ligaxkako zenbait partidatan. Ligaxkan 7 puntu eginda, play-offetan lortu zuten finalerdietara sailkatzea. Finalerdietan, aldiz, bikain aritu dira, Laso bereziki. Altuna-Tolosaren eta Elordi-Zabaletaren kontrako bi partidak irabazita, baja egin zuten finalerdietako hirugarren jardunaldian, eskuak ukituak zituztelako.

Zabaleta beti da bermea, bizitza-aseguru bat bezalakoa, eta Elordik finalerdietan izan zuen egun txarrari buelta eman dio.

Hortaz, final gogor eta estua espero da Nafarroa Arenan. "Halakoetan ez dago faboritorik. Bi bikoteak %100ean jokatuko dugu eta halakoetan edozeinek irabaz dezake". Jose Javier Zabaletaren hitzak. Has dadila ikuskizuna.