Aranburu frontoiak (1986ko azaroren 30ean mustua) konponketa premia du. Horren jakitun da Etxarrengo Kontzejua, horregatik, Nafarroako Gobernuaren hainbat dirulaguntza deialditara eskaera aurkeztu dute. Alferrik. Oraingoan foru administrazioak Tokiko Inbertsio Planaren eraikinei buruzko ebazpena publiko egiteko zain daude kontzejuan, behingoagatik konponketa egiteko momentua iritsiko den esperantzaz. Migel Angel Irurtia Sario kontzejuko presidenteak azaldu duenez, "pilotalekuaren iparraldean hezetasunak daude. Konponbidea paretan txapa bat jartzea da, euri urak porlana ez ukitzeko, drainatzea egitea, eta, ondoren, pareta margotzea".
Lanak egiteko kontzejuak ezinbestekoa du dirulaguntza. "Bi enpresari aurrekontua eskatu genien. Batek 100.000 euro ingurukoa eman zigun, besteak gehiagokoa. Baina eskaera egin genuenetik prezioak asko igo dira", gaztigatu du Irurtiak. Hala ere, lan horri begira ondu ditu aurrekontuak Etxarrengo Kontzejuak. 70.180 euro dira guztira eta inbertsioetara bideratzea aurreikusten diren 46.355 euroak pilotalekuko lanetarako izanen dira. "Eta gauza bera eginen dugu gobernuak emandako erabilera askeko 5.058,99 euroekin. Dirulaguntza aurten ez badigute ematen, urtero jasoko dugun dirua horretarako gordeko dugu", argitu du kontzeju buruak.
Lan gehiago
Irurtiak nabarmendu duenez, bai frontoia bai sareak eta zorua jartzeko lanak Etxarrengo Kontzejuak berak egin zituen. Azken horiek duela 40 urte pasa. "Arakilgo Udala sare eta zorua berritzeko lanak herrika egin ditu, eta Etxarren egitea falta den azkenetako bat da". Nafarroako Gobernuak Toki Inbertsio Planaren barruan sartu du Etxarrengo lanak egiteko Arakilgo Udalaren eskaera. Lanek 547.807,29 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Gobernuak zehaztutakoaren arabera, lanak aurten hasiko dira. Irurtiak azaldu duenez, "dauden sareak berritzearekin batera, telefonia, zuntza eta argindar sareak ere lurperatuko dira". Kontzeju buruak kezka azaldu du lanak egiteko epeekin, estuak direlako.
Beste kezka bat Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea da. "Enpresaren aldeko epaiak izan dira eta zain daude. Beste alternatiba bat dago, merkeagoa eta mendian eraginik sortzen ez duena", nabarmendu du. Azkenik, kontzejuko presidenteak azaldu duenez, Arakilgo Udalak kontratatutako langileek herrian batez ere garbiketa lanak eginen dituzte. Alde batetik, dermioko bide bazterrak garbituko dituzte, eta, bestetik, herriko kaleak.