Futbola

Juan Manuel Garro, Osasunako zuzendaritza juntako kide berria

Guaixe 2023ko uzt. 18a, 10:15

Burguete, Sabalza, Garro eta Perez de Zabalza. OSASUNA

Osasuna Klubeko presidente Luis Sabalzak aldaketak egin ditu zuzendaritza juntan, eta Lacturaleko presidentea da aurpegi berrietako bat. 

Sanferminak bete betean zeudela, uztailaren 13an, Luis Sabalza Osasunako presidenteak zuzendaritza juntako aldaketen berri eman zuen. Talde gorritxoak azaldu zuenez, erakundearen zuzendaritza batzordea berritu da, “Luis Sabalzaren legegintzaldiaren bigarren zatiari eta datozen erronkei aurre egiteko”. 

Zuzendaritza batzordera hiru kide berri sartu dira: Jose Andres Burguete, Josetxo Perez de Zabalza eta Juan Manuel Garro. Azken hori Etxeberrin egoitza nagusia duen Lacturale taldeko presidentea da, etxarrendarra. Juntara sartu diren hirurek Miguel Cuesta Gonzalez, Fidel Medrano Leon, Jesus maria Iso Martinez eta Ignacio Yaniz Ros juntakide ohiak ordezkatuko dituzte. “Azken horiei uko egitea onartu da, eta erakundeak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik” azaldu du talde gorritxoak. 

Juan Manuel Garro batzordekidea izango da, Josetxo Perez de Zabalza diruzaina eta Andres Burguete batzordekidea. Perez de Zabalza eta Burguete UPNtik sortutako CDN (Convergencia de Democratas de Navarra) talde politikoko kideak izan ziren. 

Sorpresa
Osasunak Conference Leaguen parte hartu ahal izateko UEFArekin duen auzigaia tartean dela eta, Juanma Garro juntako kide hautatu izanak sorpresa piztu du. Izan ere, Lacturale Osasunaren babesleetako bat da, eta Garrok 2014an Osasunak partidak erosi izanaren auzian deklaratu behar izan zuen, garai haietan Osasunari 220.000 euroko mailegua eman izanagatik. Garrok epaiketan azaldu zuen berak ez zekiela diru hori zertara bideratu behar zen, baina adierazi zuen orduko Fundazioko zuzendari Diego Maquirriainek, ondoren absolbitua izan zenak, azaldu ziola diru kopuru handia Sevillara eraman behar zuela. 

Nafarroako Auzitegiko sententzia batek jasotzen duenez, maileguan emandako diru horretako kopuru bat Osasunako Angel Vizcay kudeatzaile ohiak eta Txuma Peralta juntako kide ohiak erabili zuten, Betiseko jokalari batzuei ordainketak egiteko.