CaixaBank Masterseko lehen jardunaldiko azken partida jokatu zen Santiago egunean, Elizondon. Iker Larrazabalek eta Jose Javier Zabaletak hasiera bikaina eman zioten txapelketari, partida gogor eta lehiatuan Aitor Elordik eta Jon Ander Albisuk osatutako bikoari 17 eta 22 gailenduta. 74 minutu iraun zuen partidan 695 pilotakada gurutzatu ziren.
Katedrak ikusmin handia zuen Larrazabalek eta Zabaletak osatuko zuten bikoarekin, eta itxura ona eman zuten. Larrazabal ez zen kikildu, eta Aitor Elordi estutzen saiatu zen hasieratik. Bere gantxoaren abiadurak eta eskuineko bolearen gogortasunak min egin zieten Elordiri eta Albisuri, baina arma horiek alde negatiboa dute sarritan: antsietate eta abiadura gehiegirekin aritzea eta akatsak gertatzea. Horrela, arabarrak zazpi akats egin zituen.
Hasieran Larrazabalek hartu zuen batuta, baina gero Zabaleta jokoan sartu zuen eta atzeko koadroetan lan gogorra egin zuen etxarrendarrak. Erasoan hasi zen, baina Albisuk ongi erantzun zuen. Horrela, gutxika berdintzea eta urdinen parean jartzea lortu zuten Elordik eta Albisuk, eta partida are gehiago gogortu zen. Baina azken txanpan Larrazabalek eta Zabaletak gehiago asmatu zuten, eta garaipena lortu zuten (17 eta 22).
Bigarren jardunaldiaren atean
CaixaBank Masterseko lehen jardunaldia jokatuta, Ezkurdia-Mariezkurrenak, Altuna III.a-Imazek eta Larrazabal-Zabaletak puntu bana lortu dute. Peña II.a-Rezusta, Jaka-Martija eta Elordi-Albisu punturik gabe daude. Asteburuan bigarren jardunaldia jokatuko da. Ostiralean, uztailak 28, Larrazabalek eta Zabaletak Altuna II.a eta Imaz izango dituzte aurkari Oiartzunen; igandean, uztailak 30, Lekunberrik Elordi-Albisuren eta Ezkurdia-Mariezkurrena II.aren arteko lehia hartuko du; eta, azkenik, astelehenean, uztailak 31, San Ignazio eguna, Jakak eta Martijak Peña II.a eta Rezusta izango dizute aurkari.