Astearte ihotean, otsailaren 13an jokatu zen Binakako hasierako ligaxkako hamalaugarren eta azken jardunaldiko lehen partida, Tolosan. Atzera ere, Zabalak Altuna ordezkatu zuen, eta errioxarrak lan bikaina egin zuen Julen Martijarekin batera, Peñaren eta Albisuren kontra. Partida lehiatuan, 16 eta 22 gailendu ziren Zabala eta Martija. Etxeberriko atzelariak sendo jokatu zuen, eta Zabalak ezin hobe ordezkatu zuen Altuna. Logroñoko aurrelaria bere bidea egiten ari da txapelketa honetan, onenen pare dagoela erakutsiz: Altuna ordezkatuz hiru garaipen lortu ditu Martijarekin, eta Peio Etxeberriaren ordez Zabaletarekin aritu zenean, beste garaipen bat.
Horrela, gainontzeko partiden faltan, Binakako sailkapenean laugarren postua ziurtatu dute Altunak eta Martijak, euren zortzigarren puntua lortuz. Otsailaren 17an Artola-Imazen eta Etxeberria-Zabaletaren partida erabakigarriaren emaitzaren zain daude behin betiko sailkapena erabakitzeko. Izan ere, bi bikoek zortzina puntu dituzte, eta emaitzaren arabera sailkapena alda daiteke.