Etxarrengo lanak badu eraikuntza enpresa

Guaixe 2024ko ots. 19a, 11:17
Horiz markatuta lanek hartuko duten eremua. UDALA

Herriaren iparraldean sareak eta zoladura berrituko ditu.

Arakilgo Udalak Etxarrengo sareak eta zoladura berritzeko lanen 1. fasea Construciones Valeriano Santesteban enpresari eman dio. Enpresak lanen truke 445.241 (BEZik gabe) jasoko ditu. Obra hori Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planaren barruan jasoa dago, beraz, udalak dirulaguntza jasoko du. Lanak egiteko bost hilabete izanen ditu enpresak. Zehazki, trenbide gaineko zubitik NA-240 errepidera arteko herriaren zatian eginen dira, han dauden bi kaletan izan ezin: Kattanburu, dagoeneko berrituta dagoelako, eta Sanitturri, hurrengo fase batean eginen delako. 

Guztira Etxarrengo 4.000 metro karraturi eraginen diote lanek. Egitekoen artean daude, alde batetik, euri urak eta ur beltzak jasoko dituzten sare bana egitea, gaur egun biak sare bakarretik baitoaz. Bestetik, ur hornidura sarea guztiz berrituko da, sektoreka banatzeko aukera ematen dute lotuneak jarriz, besteak beste. Gaur egungo ur sarean ihesak eta mantentze lanetarako arazoak daude. Kaleetako zorua porlanezkoa izanen da, V itxura duena, hala kale erdian euri urak jaso eta bideratuko dira. Kaleek 1.890 metro karratuko azalera hartuko dute. Espaloiak ere porlanezkoak izanen dira, guztira 2.070 metro karratu. Lanak baliatuko dituzte elektrizitate, argiteria publikoko eta telefono sareak berritzeko, baita gas sarea berritzeko ere.