Futbola

Garrok Osasunako zuzendaritza utzi du

Guaixe 2024ko api. 12a, 10:16

Arrasate, Garro, Muniain eta Sanzol, Binakako Pilota finalean.

Osasunako zuzendaritzan bederatzi hilabete zeramatzan Lacturaleko presidente etxarrendarrak, eta bere lanarekin ez dagoela kontentu argudiatu du. Arrasaterekin juntak nola jokatu zuen ez omen dagoela konforme diote zurrumurruek

Lacturaleko presidente Juanma Garro Redin Osasunako zuzendaritzako kide berrietako bat zela sanferminetan ezagutarazi zuen Osasuna klubak, uztailaren 13an. Ordutik, zuzendaritzako batzordekideetako bat zen Etxarrengoa. Atzo, apirilaren 11n, Garrok Osasunako zuzendaritzako dimisioa aurkeztu zuela jakin zen, eta Osasuna klubak dimisioa onartu zuela. Garrok emandako arrazoia da berak egindako lanarekin ez dagoela kontentu edo asebetea. 

Garroren dimisioa Jagoba Arrasatek Osasunako entrenatzaile izaten jarraituko ez duela adierazi eta bi astetara gertatu da, eta zurrumurruek bi gertakariak lotu dituzte. Komunikabide batzuek diotenez, Garro ez dago ados zuzendaritzak Jagoba Arrasateren berritzea kudeatu duen moduarekin. Garrok eta Arrasatek harreman handia dute. Biak elkarrekin joan ziren Binakako Pilota Txapelketako finalera, Cesar Muniain zuzendaritzako kide eta Ricardo Sanzol Osasunako atezainen entrenatzailearekin batera. Osasunako presidente Luis Zabalzak, aldiz, bi gertakarien lotura ukatu du. “Juanma Garrok ez jarraitzea erabaki du eta kitto; ez dira ez dauden tokian arazoak bilatu behar” azaldu du. 

Zabalzak azaldu du ez duela Garro ordezkatuko, eta egungo zuzendaritzak 2025era arte lanean jarraituko duela, zuzendaritza aldia bukatu arte.