Buruz Buruko Txapelketak sorpresa handiak ekarri ditu. B multzoan Unai Lasok 7 tantotan utzi zuen Jokin Altuna. Bizkarretako aurrelaria bueltan da, eta txapela janzteko faboritoen artean dagoela aldarrikatu zuen.
B multzoko lehen jardunaldiko galtzaileek, Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak, elkarren kontra jokatuko dute igandean Eibarko Astelenan. Hil ala biziko partida da biondako, eta Altuna minduak ez dizkio gauzak batere erraz jarriko Zabaletari. "Niretako Altuna buruz burukoan izan dudan areriorik txarrena izan da. Jokatu izan dugunean, beti irabazi izan dit. Aurreko partidetan baino tanto gehiago egitea da lortu nahi dudana, gutxienez, gauzak zail jartzea. Hasieratik oso kontzentratuta atera beharko dut, Darioren kontrako partidan gertatutakoa ez errepikatzeko eta partida ez galtzeko. Sake-errestoan hobetu beharko dut, gero botera jokatu ahal izateko" azaldu zuen etxarrendarrak material aukeraketan.
Altunak aitortu zuen Lasoren kontra "kolpe ederra" jaso zuela. "Merezimendu osoz irabazi zidan. Tarteka, halakoak ondo etortzen dira, lorik ez hartzeko. Halako partida baten ondoren, entrenamenduetako errutinan zentratzea izaten da onena. Eta horretan nago, igandean topera ateratzeko".