Buruz Buruko B multzoan final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia ikusgarria izan da. Unai Lasok larunbatean 11 eta 22 irabazi zion Dariori Labriten, eta igandean, Astelenan, lehen jardunaldian Lasorekin 7-22 galtzetik zetorren Altunaren erreakzioa Zabaletak sufritu behar izan zuen, Amezketakoak 6-22 irabazi baitzion kolorerik izan ez zuen partidan.
Zabaleta ongi hasi zen, 3-0 aurreratu baitzen, baina hori ilusio hutsa izan zen, Altunak aginte makila hartu eta sekulako erakustaldia eginez 6-22 hartu baitzuen mendean Etxarrengo atzelaria. Altunak bikain sakatu zuen, pilota ederki gurutzatu zuen, oinetara jokatu zion Zabaletari, eta bere errepertorio guztiari esker garaipen handia lortu zuen.
Horrela, nahiz eta hirugarren jardunaldian Unai Laso arerio izan, Zabaletak ez du Buruz Burukoan aurrera egiteko aukerarik. Lasok final erdietarako txartela du, eta beste txartela maiatzaren 12an Astelenan Altuna III.ak eta Dariok jokoan duten partidan erabakiko da.