Pilota

Zabaletak lehiakor izan nahi du

Guaixe 2024ko mai. 8a, 10:00

Laso eta Zabaleta, material aukeraketan. UTZITAKOA

Buruz Buruko Txapelketako B multzoko final laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldian Etxarrengo atzelariak Unai Laso izango du arerio

Buruz Buruko Txapelketak dagoeneko hiru finalista ditu. A multzotik Iñaki Artola eta Javi Zabala, eta B multzotik, momentuz, Unai Laso. Laugarren finalista nor den asteburuan erabakiko da. Jose Javier Zabaletak hain zuzen ere Unai Laso izango du arerio maiatzaren 11n, larunbata, Labriten. Finean, ez dago ezer jokoan. Unai Laso dagoeneko finalerdietan dago, eta Zabaletak, aurreko bi jardunaldiak galduta, ez du aukerarik. Baina biek erakustaldi polita egin nahi dute. Atzo, maiatzak 7, material aukeraketa egin zuten Iruñean. Zabaletak pisu gehiago duten pilotak hautatu zituen, eta Lasok arinagoak. 

Zabaletak badaki partida zaila duela aurretik. Erik Lasa txapelketatik kanpo utzi zuen, baina final laurdenetako ligaxkan Darioren eta Altunaren kontra galdu zuen, eta Lasoren kontra irudi hobea eman nahi du. “Partida zaila da, Buruz Buruko oilar baten kontra jokatuko baitut. Helburua ahalik eta hobekien jokatzea da, eta partida guztian barna lehiakorra izatea” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. 

Unai Lasok, bere aldetik, oraindik ez duela finalerdian pentsatzen nabarmendu zuen. “Labriteko partidan zentratuta nago, ligaxka ongi bukatu nahi dut, eta ea ez dudan minik hartzen”. 

B multzotik finalerdietara igaroko den beste pilotaria maiatzaren 12an Eibarko Astelenan Altunak eta Dariok jokatuko duten partidatik aterako da. Irabazten duena finalerdietan egongo da.