Sanferminetako torneoaren lekukoa Andra Mari Zuriaren Torneoak hartuko du. Uztailaren 16an aurkeztu zuten Gasteizko festetako torneoa, CaixaBankeko ordezkari Alfredo Alonso eta Gasteizko udaleko zinegotzi Ana Lopez de Uralde bertan zirela.
Andra Mari Zuriaren torneoan bi finalerdi eta final handia jokatuko dira. Torneoa abuztuaren 5ean hasiko da, Baikoko adarreko finalerdikoarekin. Artolak eta Mariezkurrenak Laso eta Albisu izango dituzte aurkari. Hurrengo egunean, abuztuak 6, Aspeko adarreko finalerdia izango dute jokoan Altunak eta Rezustak Zabalaren eta Zabaletaren kontra. Aurrelari errioxarrak eta atzelari etxarrendarrak osatutako bikoak ikusmina piztu du pilotazaleengan. Finala abuztuaren 8an jokatuko da. Gasteizko jaialdi guztiak arratsaldez jokatuko dira, 17:15ean hasita.