Jose Javier Zabaleta min hartuta dago. Uztailaren 13an, Sanferminetako Iruñeko Olioaren Erronkan min hartu zuen eskuin hankako soleoan, eta osatze prozesua ongi doala azaldu du atzelari etxarrendarrak. Entrenatzen hasi da, lan fisikoa eta bereziki eskuak egiten, baina zuhurra izan nahi du eta uztailaren 31n CaixaBank Masterseko Biarritzeko partidan ez da aritzea erabaki du. Bikuñak ordezkatuko du. Uztailaren 30ean, Lodosan, Rezustak hartu zuen bere tokia.
Zabaletak medikuek esandako hiru asteak bete nahi ditu jokatu gabe, lesioa behar bezala osatzeko. Gauzak ongi, bere asmoa Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoan berragertzea da. Abuztuaren 6ko finalerdian, eta Javier Zabalarekin bikotea osatuta, Altuna III.a eta Rezusta dituzte aurkari. Ea ongi iristen den.