Pilota

Zabalak eta Zabaletak ezin izan zuten Errioxako koroa lortu

Guaixe 2024ko ira. 30a, 08:30

Sari banaketan kopetilun zeuden Zabala eta Zabaleta. ASPEPELOTA.EUS

Rezustak erakustaldia eman zuen San Mateo Torneoko final handian, eta Peio Etxeberriarekin batera txapeldun handiak izan ziren

Logroñoko Adarraga betetzen zuten zaleek gozatu ederra hartu zuten Zabala-Zabaletak eta Etxeberria-Rezustak irailaren 29an jokatu zuten San Mateo Torneoko final ikusgarriarekin. Lau pilotariek zuten guztia eman zuten udako azken torneoa irabazteko, baina, azkenean, Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak lortu zuten merezitako garaipena, 22-12 gailendu eta gero. Rezustak bosgarren aldiz irabazi du Logroñoko San Mateo Torneoa. 

Apustuak Zabalaren eta Zabaletaren alde atera ziren, alde handiz. Izan ere, egun horretan bertan 27 urte betetzen zituen Zabala errioxarraren alde zegoen Adarraga pilotalekua, guztiz, eta animo gehienak urdinaren aldekoak izan ziren. Nahiz eta Peio Etxeberriak hasieran hiru tanto eder egin, finalaren lehen zatian urdinek ezarri zuten jokoaren erritmoa. Eta nolakoa, gainera, bizi-bizia. Zabaletak pilotakada ederrak jo zituen, eta Zabala ere ongi zegoen aurrean, inspirazioarekin. 6-11 aurreratzea lortu zuten. Ongi bidean zeuden urdinak, baina partida oso gogorra ari zen izaten, eta, tantoak, oso borrokatuak eta piloteatuak.

Partida gogortzen joan ahala, urdinei nekea gehiago antzematen zitzaien, eta gorriak nagusitzen hasi ziren. Zabaletak pilota batzuk galdu, eta Zabalak opari batzuk egin zituen. Eta zurrunbilo horretan Beñat Rezusta gailendu zen. Defentsan ikaragarri aritu zen, baina, horretaz gain, sekulako pilotakadak jo zituen atzera, Zabala bezalako atzelari itzela lehertu arte. Sekulako errezitaldia eman zuen bergararrak. 16-1eko partziala egin eta gero, 22-12 gailendu ziren Peio Etxeberria eta Rezusta. 

Pozik zeuden Rezusta eta Etxeberria. “Hasieran aurrea hartu digute, baina sentsazioak ez ziren txarrak. Partida gogortuz gero lanak emango genizkiela ikusten genuen, eta hala izan da” zihoen Rezustak. Une zailenetan eutsi zuten, eta ongi atera zitzaien. Rezustak bost aldiz jokatu du Logroñoko torneoaren finala, bostak irabazi ditu, eta lautan pilotari onenaren saria jaso du. 

Bere aldetik, kopetilun zeuden Zabala eta Zabaleta. Biek arantza kentzeko aukera izango dute asteburuan jokatuko duten CaixaBank Masterseko finalerdietan. Zabalak Imazekin osatuko du bikoa, eta Zabalak Peñarekin.