Pilota

Zabaletak jotzaileen errege jarraitzen du izaten

Guaixe 2024ko urr. 7a, 09:30

Zabaleta eta Peña, oso pozik. IÑAKI PORTO

Peña II.ak eta Zabaletak irabazi zuten CaixaBank Mastersa, hasieran 12-11 aurrea hartu zuten Altunari eta Iztuetari ongi erantzunez, eta markagailua irauliz (13-22)

CaixaBank Mastersak pilotazaleendako asteburu zoragarria utzi du. Urriaren 4an masterseko finalerdiak jokatu ziren sarrera oso ona izan zuen Nafarroa Arenan. Peña II.ak eta Zabaletak lortu zuten finalerako lehen txartela, partida gogorrean Peio Etxeberria eta Mariezkurrena 16 tantotan utzita, partida gogorrean. Beste finalistak Altuna eta Iztueta izan ziren, Zabalari eta Imazi 22-15 nagusituta. 

Urriaren 6an jokatutako final handia espero bezain ederra izan zen. 2.000 zale bildu ziren Nafarroa Arenan Altuna-Iztuetaren eta Peña-Zabaletaren arteko finalaz gozatzera, aurpegi oso ezagunak tartean, Osasunako jokalariak eta Asier Martinez atleta, esaterako. Hasieran bi bikoak parez-pare lehiatu ziren, oso orekatu. Altunak tanto ederrak egin zituen, eta Iztuetak oso ongi eutsi zion Zabaletari. Lehia bizia izan zuten bi atzelariek, eta Iztuetak Zabaletari aurre egiteko erronkari ongi erantzun zion. Horrela, 12-11 aurreratu ziren Altuna eta Iztueta. 

Baina hortik aurrera partida kolorez aldatu zen, eta urdinak izan ziren protagonistak. Peñari inolako meriturik kendu gabe –aurreko koadroetan seguru egon zen eta bere aukerak ongi aprobetxatu zituen–. Zabaletaren errezitaldia hasi zen. Etxarrengo atzelariak sekulako pilotakadak jo zituen eta hortik aurrera atzean agindu zuen. Iztuetak behera egin zuen, eta Peñak etekin handia atera zien Zabaletak irekitako zuloei. Altuna ezinean ibili zen, partidan sartu ezinik, pilota asko eta bizi ateratzen delako Nafarroa Arenako frontisetik. Azkenean, 13-22 gailendu ziren Peña eta Zabaleta eta Masterseko txapela jantzi zuten, merezimendu osoz. Zabaletaren lesioa zela eta, gaizki ekin zioten txapelketari, baina etxarrendarra osatu ahala, txapelarekin itxi dute uda. 

Zabaleta eta Peña, oso pozik
Finalaren laburpen ezin hobea egin zuen Jose Javier Zabaletak. “12 tantotik aurrera ni pixka bat gehiago gozatzen hasi naiz, eta Peñak pauso bat aurrera eman du. Ausartago ibili da bigarren zati horretan, eta tantoa bukatzeko garaian oso fin ibili da”. Lesioa goiz gainditu duelako “zortea” izan duela nabarmendu du atzelariak. “Ongi errekuperatu naiz. Peñarekin jokatutako partida guztietan disfrutatu dut eta gustura sentitu naiz. Bikote ona osatu dugu; binakako txapelketetan hori oso garrantzitsua da. Oso pozik nago” azaldu zuen etxarrendarrak. Iritzi berekoa zen Peña.

Bigarren mastersa da Zabaletarendako. “Gasteizen, nire frontoi kuttunean irabazi nuen beste masters bat Aimar Olaizolarekin, eta uste dut hau bigarrena dela. Urte batzuk dira final honetara ez nintzela sartzen, eta oso pozik nago irabazi izanagatik”.