Pilota

Etxeberria eta Zabaleta, txapeldun

Guaixe 2025eko uztailaren 15a

Zabaletak bere hirugarren San Fermin torneoa irabazi du.

San Fermin Torneoa irabazi zuten, akats ugari egin zituzten Peña eta Mariezkurrena 11 tantotan utzita

Etxeberriak eta Zabaletak merezimendu osoz irabazi zuten San Fermin Torneoa, Peña eta Mariezkurrena baino askoz ere gehiago izan zirelako. Final oso estua espero zen, bi atzelari handiren talka, baina, tamalez, ez zen hala gertatu, Baikoko bikoteak akats ugari pilatu zituelako, bereziki. Eta hasieratik, gainera. 

Lehen urratsetan atzelariak ez ziren oso eroso ibili. Mariezkurrena hasi zen agintzen, baina launako berdinketaren ondoren apurtu zen partida. Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak erregularrago jokatu zuten, eta erritmoa bizkortu zuten, Peña eta Mariezkurrena gehiago endredatuz. Horrela, Baikokoek akatsak bata bestearen atzetik pilatu zituzten, eta ezin izan zuten partidan sartu. Atzeko koadroetan Zabaleta nagusitu zen; Mariezkurrena oso gutxitan izan zen Zabaleta baino gehiago. Eta aurreko koadroetan, antzeko; Peña ez zen fin ibili, eta Etxeberria, aldiz, eroso aritu zen. Horrela, urdinek alde polita atera zuten bere maila ematen ez zuten Peñaren eta Mariezkurrenaren aurrean, eta zuzenean joan ziren 4-13ra.

Hortik aurrera ildo beretik jarraitu zuen finalak. Peña eta Mariezkurrena -16 hurbildu ziren, baina erreakzioak ez zuen gehiagorako eman. Etxeberriak eta Zabaletak 2021ean San Fermin Torneoa irabazi zuten, 2024an Binakakoa, eta konexioak bizi-bizi jarraitzen duela argi geratu zen Labriten. Azkenean, 11-22 irabazita, merezitako garaipena lortu zuten, eta trofeo preziatua, San Fermin Torneoa. 2025ekoarekin, Zabaletak bere hirugarren San Fermin torneoa lortu du. 

Pilotari onenaren saria Etxeberriarendako izan zen. “Peiok merezi du, berak jaso du partida. Hasieran ez naiz ongi sentitu, nekatu antza nengoen, eta Peiok izugarri lagundu dit” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. Atzeko koadroetan bermea dela erakutsi zuen, beste behin, Zabaletak, eta berari irabaztea ez dela erraza. Soilik tanto bat galdu zuen. Mariezkurrenak, aldiz, 5 tanto. 

Sanferminetako jaialdi guztien batura eginda, jokatutako 20 partidetatik 15 Baikok irabazi ditu, eta 5 Aspek. Beraz, San Fermin Torneo preziatua irabazteak airea eman dio Eibarko promotorari. 

B Seriea
B Serieko txapelketako finalean Jakak eta Ugartemendiak 22-14 irabazi zioten Agirreri eta Eskirozi. Jaka izan zen finaleko onena.