Pilota

Zabaleta, sakandar bakarra Andra Mari Zuriaren Torneoan

Guaixe 2025eko uztailaren 16a

Zabaletak eta Zabalak ikusmina piztu duteASPEPELOTA.EUS

Zabaletak Zabala izango du bikote. Torneoa abuztuaren 5ean, 6an eta 8an jokatuko da, Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietan

San Fermin feria bukatu berri, uztailaren 15ean Andra Mari Zuriaren Torneoa aurkeztu zuten Gasteizen. Sanferminetan B Serieko txapelketak harrera bikaina izan duenez, Gasteizen ere bi mailatan jokatuko da torneoa, A Seriean, lehen mailan, eta B Seriean, bigarrena. 

A Seriean Aspek bi bikote sendo aurkeztu ditu: Altuna III.a-Rezusta eta Zabala-Zabaleta. Baikorenak Artola-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a dira. Ezkurdia eta Martija baja dira. Aldiz, Zabaletak bere frontoi kuttunean jokatzeko aukera izango du, eta Zabala errioxarra izango du kide, ikusmina sortu duen bikotea. Sanferminetako torneoa irabazita, Andra Maria Zuriakoan jarri du begia Etxarrengo atzelariak. 

B Seriean ez dago pilotari sakandarrik. Dario-Eskuza, Murua-tolosa, Zubizarreta III.a-Eskiroz eta Alberdi II.a-Aranguren dira lehiatuko diren bikoteak. 

Hiru jaialditan erabakiko da guztia. Abuztuaren 5ean Artolak eta Albisuk Larrazabal eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari, finaleko txartela jokoan dutela. Abuztuaren 6an Altuna III.a-Rezustaren eta Zabala-Zabaletaren finalerdiak erabakiko du nor sailkatzen den finalerako. Finala uztailaren 8an jokatuko da, Ogetan.