Astekaria

"Animatzen duen talde ederra sortzen da hemen"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko uztailaren 28a

Leo Gainza Gainza saskibaloiko baloia eskutan eta saskia atzean dituela.

Etxarrengo festetan hiruko saskiratzeen txapelketa hartu zuen larunbatean. Leo Gainza Gainza da antolatzailea.

Aranburu frontoiaren aldamenean saskibaloi pista dago, festetan publikoz bete dena. Edozeinek parte har dezake urtero hiru puntuko saskiratze txapelketan. Denek animatu behar dute.

Nolaz hiruko saskiratzeen txapelketa bat?
Duela 15 edo 20 urteko auzolan hartan saskibaloi kantxako marrak margotu behar izan genituen. Horretan geundela bururatu zitzaidan hiruko saskiratzeen txapelketa egin genezakeela festetan.

Lehen urtean zer harrera izan zuen?
Etxarrendarren gogoko gertatu zen. Halakoak batzuetan funtzionatzen dute arraroak direlako. Horretaz aparte, saria dago. Gainera, saria jatekoa bada, jendea horren bila doa. Burlatan albaitaritza klinika bat dut eta klinikak babestuko zituela sariak bururatu zitzaidan. Kalitate goreneko hestekiak edo gaztak izaten dira sariak, lehen biendako. Jendeak saria etxera eramaten du, ez dut banatzen ikusi (barrez).

Nola jokatzen da hiruko saskiratzeen txapelketa bat?
Bikoteka eman behar da izena. Txapelketa hasi aurretik eman behar da izena frontoiko paretan dagoen zerrendan. Bietako batek baloia saskira jaurti behar du. Besteak baloia jaso eta botatzen duenari pasatzen dio berriro bota dezan. Minutu batean ahalik eta saskiratze gehien egin behar dira. Ondoren, normalean, berdinketak hausteko jaurtiketak daude, bikote txapelduna eta txapeldunordea izan arte. Noizbait gertatu da denak sartzen dituen super-jeinu bat etorri izana eta guztiak kaleratu gintuen. Bestalde, batzuk saiatu izan dira bi bikotetan izena ematen. Baina hori ezin da. Bikote batean izena emanda dagoenak ezin du beste batean izenik eman.

6,75 metroko marratik egin behar dira baloi jaurtiketak?
Hemen ez dugu distantzia horretara. Saskiaren inguruan hirukoaren marra irudikatzen duen arrastoaren atzetik bota behar da, edozein tokitatik. Baina entrenatu dutenez, parte hartzaileak ahalik eta zentratuen jartzen dira. Egia da araudiarekin ez garela oso zorrotzak bota behar duenak lau urte baditu. Halakoetan nahi duen tokitik bota dezakete, eta jende guztiaren animoak jasotzen dituzte.

Aurten beste auzolanen bat egin beharko duzue... 
Joan zen urtean kaleak berritzeko lanekin batera pistako zorua berritu zuten. Baina marrak marraztu dira. Gainera, boleiboleko kantxa ere egin dute. Azken horren sarea kendu da txapelketarako.

Herrian saskibaloi zaletasunik bada?
Neska-mutilak bai, jolastera etortzen dira. Baina hiruko saskiratzeen txapelketa eragingarria da. Eta festak gerturatu ahala gazteak maiztasun jakin batekin hemen ikusten dituzu. Haiek diote jolasten ari direla. Baina, benetan, hirukoak praktikatzen ari dira, txorizoa edo gazta eskuratzeko. Baita gauez ere.

Eta saskiratzen, zer moduz?
Denetarik dago. Andres Zabaletak saskibaloian jokatzen du, baina “atzera begira” botatzen parte hartzen uzten diogu. Duela pare bat urte 11-12 urteko mutiko bat etorri zen. Guztiak gainditu gintuen. Talderen batean jokatzen zuen, eta poz-pozik zegoen mutikoa.  

Beraz, adin guztietako parte hartzaileak daude? 
Hala da, uztaira baloiarekin iristen ez diren haurretatik hasi eta iristeko trebe ez diren aitonak arte. Adin guztietakoek parte hartzen dute. Berdin da generoa eta jatorria. Garrantzitsuena ongi pasatzea da.

Zuk parte hartzen duzu?
Ahal badut bai, seme-alabaren batekin. Eta bakarren bat sartzen badut, iruzurra izan dela, txapelketan azpijokoa dagoela esaka hasten dira. Irabaziko bagenu, iruzurrarena ziurra litzatekeela esanen lukete (barrez). Oso ongi pasatzen dugu.

Parte hartzaileek lehiaketa serio hartzen dute?
Jendeak ongi pasatzera etortzen dela esaten du. Nahi dutena esanen dute, baina jendea entrenatzera etortzen da. Argi harrotasunarekin! Txorizoa eskuratzeko gogo gehien dutenak aitonak dira (barrez).

Jende askok ematen du izena txapelketan?
Apika, 30 edo 40 bikotek ematen dute izena. Txapelketak jendea batzen du. Animatzen duen talde ederra sortzen da hemen. Jaurtiketak egiten ari direnean musika ez da entzuten.

Txapelketa hasi zenetik, aldaketarik izan da?
Azken hiru urtetan gertatutakoa miragarria izan da. Duela hiru urte emakumezko bikote bat hala moduz saskibaloi jokalariz jantzita etortzen hasi ziren. Mozorrotuta etorri eta guztia ematen dute. Hurrengo urtean beste bi emakumezko mozorrotu ziren. Iraultza eragin izan dute. Jendea txapelketara mozorrotuta etortzea sustatu beharra dago. Ongi pasatzera etor daitezela. Hala etortzen direnak bazterrak izugarri animatzen dituzte.

Ideia bururatu eta hasieratik antolatzen ari zara. 
Lekukoa pasatzen ari naiz. Orain Dani semeak antolatzen du, baina nire zuzendaritzapean (barrez). Duela pare bat urte “L”-a jarri nion, baina dagoeneko gidabaimena badu. Berak deitzen ditu parte hartzaileak, berak du kronometroa... Nahiko ongi egiten du mutilak. Ni inguruan ibiltzen naiz.