Udako unetxoak

"Gau horretakoa oso sentimendu berezia da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abuztuaren 1a

Título 1698752

Hermosa Coll Malone etxarrendarrak herri guztia batzen duen ekitaldi bat du gogoko, udari hasiera ematen dion solstizio ospakizuna.

Bartzelonan ikasketak egiten ari da Hermosa Coll Malone, "baina beti udan Etxarrenera itzultzen naiz. Eta uda hau ere Etxarrenen pasako dut". Udako momenturik gustukoenaz galdetuta, duda izpirik gabe erantzun du: San Joan gaua. "Niretako oso berezia da. Txikitatik bizi izan dut". Gaineratu duenez, "Bartzelonan ikasten dudanez, San Joan gaua udaren ongi etorria" bihurtzen zaio.

"Afari oso ederra egiten dugu; herritar guztiak lagunduta gaude gau horretan"

Collek azaldu duenez, "Etxarrenen afari oso berezia egiten dugu herritar guztiok San Joan bezperako gauean". Barbakoa egiten dute. Hau da, sua piztu eta hartan jatekoak prestatu. Hirugiharra, txistorra... Baina jateko guztiak ez dituzte momentuan bertan sutan prestatzen, "bizilagunok ere zerbait eramaten dugu: ogia, postreak eta edari pixka bat". Gutxi gehiago behar da ongi pasatzeko. Postreak etxean egindakoak edo erositakoak direla azaldu du. Etxarrendarrak azaldu duenez, "aurten ez naiz postrea egitera ausartu, betarik ez nuelako. Baina batzuetan zer edo zer eramaten dut. Gustatzen zait postreak egitea". Collek ziurtatu duenez, "afari oso handia izaten dugu".

Ondoren, suaren txingarrak bizituz eta makil batzuk botaz, suak pizten dituzte. Bat oso handia izaten da, bestea txikia. "Ni ez naiz hain ausarta. Soilik txikia saltatzen dut", aitortu du etxarrendarrak. "Haurrek su txikiaren gainean salto egiten dute, handia ez hainbeste. Baina hara ere joaten dira". Egitarau horrekin, jakina, etxarrendarrei gaua luzatu egiten zaie. "Aurten, uste dut, goizaldeko hirurak arte-edo iraun duela ospakizunak".

Elkartasuna
Gau horretan bizitakoak Colli elkartasun sentipena sorrarazten dio. "Herri guztia saskibaloi saskiaren ondoan antolatzen gara. Mahaiak jartzen ditugu eta afari oso ederra egiten dugu. Herritar guztiak lagunduta gaude gau horretan". Gaineratu duenez, etxarrendarrei gustatzen zaien unea era bada, "herri guztia elkartzen delako".

Udako solstizioa ospatzeko gaua txikitatik bizi izan du Collek. Haurra zeneko ospakizunak beste zentzu bat zuen Collendako: "uda batzuetan Ekuatore Gineara joaten nintzen. Orain niretako gau hori niretako udaren ongi etorria da. Baina txikitan udari egindako agurra zen". Oroitzapen berezi hori gordea du Collek.

Gau horretako bizipenak janariaren inguruko usainak dakarzkio burura. Baina bereziki gau osoan protagonista den suaren usaina nabarmendu du etxarrendarrak. Eta ez du zalantzarik izan solstizio ospakizuna kolore gorriarekin, suaren kolorearekin, lotzeko.  

Solstizio ospakizuneko oroitzapenak urtean zehar berekin gordeak izaten ditu etxarrendarrak. "Bartzelonan ikasten nago. Han ere San Joan bezperako gaua ospatzen dute. Baina beste gau, ospakizun mota bat da. Han petardoekin ibiltzen dira, oso-oso nabaria da. Suak pizten dituzte, baina gainetik salto egiteko ohitura hori ez dago. Lagunekin elkartu eta petardoak botatzen ibiltzen dira". Hori Etxarrengo ospakizunarekin alderatuta, herrikoaren alde egin du: "hemengo ospakizunak elkartasun sentimendu handiagoa du. Herri txikia da, familiarekin eta herriarekin elkartzen gara, guztiok saltatzen ditugu suak, guztiak elkartzen gara. Oso sentimendu berezia da".

Collek dagoeneko bizi izan du bere udako momenturik gogokoena. "Baina nigatik balitz, berriro antolatuko nuke", adierazi du barrez.