San Mateotako ferian Dariok eta Zabaletak Laso eta Landa izan zituzten aurkari. Lehen jardunaldian Ezkurdiaren eta Martijaren kontra erori eta gero, Lasori eta Landari alde handiarekin irabaztea zen Darioren eta Zabaletaren aukera bakarra finalerako txartela lortzeko bidean.
Dario eta Zabaleta dena ematera atera ziren eta hasieran alde nabaria lortu zuten, (5-0 eta 6-14), baina Lasok eta Landak ongi eutsi zuten eta 15era berdintzea lortu zuten. Partida izugarri estuan, sentsazio onak izan zituzten lau pilotariek eta Landak ongi erantzun zuen atzeko koadroetan Zabaleta maisuaren aurrean. Azlenean, Zabaletak eta Dariok 22-21 irabazi zieten Lasori eta Landari, baina finaletik kanpo geratu dira Ezkurdia-Martijarekin galdu zutelako (15-22) eta Laso-Landaren kontrako garaipena oso alde txikiarekin lortu zutelako.
Ezkurdiak eta Martijak Laso eta Landa izango dituzte aurkari irailaren 25ean Adarragan, eta partida horretatik aterako da finalerako B adarreko finalista. Ezkurdiak eta Martijak garaipenarekin finalerako txartela lortuko lukete. Lasok eta Landak, finalean egoteko, Ezkurdia eta Martija 4 tanto baino gehiagoko aldearekin irabazi beharko dituzte. Beraz, partida gogor baten atarian gaude.
A multzoan, gaur, irailak 24, erabakiko da finalerako lehen bikote finalista. Jaka-Mariezkurrena II.ak Larrazabal-Iztueta dituzte aurkari. Finalean egoteko Larrazabal-Iztuetak nahikoa dute 16 tanto egitea. Jaka-Mariezkurrenak, aldiz, garaipen sendoa beharko dute, hau da, Larrazabal-Iztueta 16 tanto baino gutxian uztea.