Astekaria

"Eskarola entsaladari ere bota ahal zaio kiwia dadotxoak eginda, oso ona dago"

Alfredo Alvaro Igoa

Benito Vicente Roncero bere uztako kiwi batzuekin.

Kiwi uzta jaso berri du Benito Vicente Roncerok. Hanka sartzen eta asmatzen, urteetako eskarmentuarekin orain uzta ederrak jasotzen ditu.

1. Noiz jan zenuen kiwi bat aurrenekoz?
Aspaldi. Hasieran aleka saltzen zituzten eta bakoitzak euro bat balio zuen. Berehala ikusi nuen jateko txuritu beharra zegoela. Baina bada azal eta guzti jaten duenik. Zapore gazi-gozo oso ona du. 

2. Nolaz bururatu zitzaizuen kiwiak jartzea?
Landari txikiak loreontzietan ekarri zituzten Eroskiren hiperrera aspaldi. Erdian landare ar bat eta aldamenean bi eme zeuden azpil bakoitzean. Duela 32 bat urte izanen da jarri nituela. Izurdiagako Antonio Iraizozi ere landareak asko gustatzen zaizkio. Jakin genuen Elizondoko mintegi batean kiwiak zeudela eta hara joan ginen. Handik bakoitzak bi eme eta ar bat ekarri genituen. Ez genuen aholkurik eskatu. 

3. Non landatu zenituen?
Aitak ibai ondoan du baratzea, eta han jarri nituen. Gero inausketa egin, zainak aterarazi eta zuhaitz gehiago jarri nituen. Mintegietara kiwi landareak ekartzen hasi ziren eta bakarren bat gehiago erosi nuen. 30 pasa nituen. Harivenasa egitean handik hodi batzuk pasa behar zirela esan zidaten eta zortzi bat kendu nituen. Azkenean ez zituzten hodiak handik pasa, alferrik lan eginarazi ninduten. 25 bat zuhaitz ditut orain, hiruzpalau arrak dira eta gainerakoak emeak. Eta herrian, baratzean, kiwitxoak ditut, kiwi nanoak. Fruitua ez da luze kontserbatzen. Hasierakoak hiperrean erosi nituen. Beste barietate batekoak ziren, berdeagoak, goxoagoak eta ditudanak baino hobe eusten zioten. Fabrikagatik kendu behar izan nituen. Oraingoak Frantziakoak dira. Azalean ez du ilerik, okaran baten modukoa da. Halako hiruzpalau janda berehala komunera joan beharra duzu. Dauden tokian haizeak eta eguzkiak kaltetu egiten ditu eta, horregatik, kendu eta bati emanen dizkiot, bere etxe ondoan jar ditzan.  

4. Sagarren modura, kiwi motak daude?
Bai. Nireek azala berdeagoa edo marroiagoak dituzte, baina bera dira. Baina badaude moztu eta horiak diren kiwiak. 

5. Landare arra eta emea daude?
Bai. Nireak hiruzpalau arrak dira eta gainerakoak emeak. Gutxienez zortzi zuhaitz emeko ar bat jarri beharra dago. Polinizatzeko da. Arrak ez du fruiturik ematen. Nahiz eta gaur egun zuhaitz mistoak dauden, baina fruitu txikiagoa ematen dute. Nik landare txikiak erosi nituen eta fruitua lau urtera ematen hasi ziren. Orain bi urteko landareak ere salgai daude, eta lehenago ematen dute fruitua. Urte normal batean 250 eta 350 kilo artean jasotzen ditugu gutxi gorabehera. Aurten beroteagatik gutxiago jaso dugu. 

6. Nolako zuhaitza da?
Mahatsondoa bezalakoa da, landarea alanbreetan jartzen da. Zuhaitz bakoitzeko poste bat eta alanbrea jarri behar da. Zuhaitza sendotzean berak bakarrik eusten dio. Nire altuerara jarrita ditut. Adar batek, apika, bost metro luze izan dezake. Eta kimatu ondoren adarra alanbrera lotu beharra dago. Eta ernatu ondoren adarren bat sortzen bada, gidatu edo moztu egin behar duzu. Kimaketa berandu egiten dut, otsailean. Beranduago ernetzen da eta izotzak ez dio kalterik egiten. Adarrak beratzak badaude, haizeteak erraz hausten ditu, hostoa oso handia delako. 

7. Zer zaintza eskatzen dute?
Ez zaio inolako tratamendurik egin behar. Ureztatu eta ongarri pixka bat eman, besterik ez. Lehen urtetan, batean fruitua ematen zuen, bestean ez. Udaberria aurreratzen bada martxora, ernatu egiten da. Kimu hori tomatearena bezain ahula da. Apirilean izotza botatzean punta hori izozten da eta lorerik ez da ateratzen. Ondoren, atzera ernetzen da, baina ez du lorerik, adarra da. Urte batzuetan 25 zuhaitzetatik kilo eta erdi kiwi hartu ditut, besterik ez. Baina klima aldatzen ari da. Eta nahiz eta hasieran izoztu, puntak aurreratzen ari dira eta fruitua ematen dute. Askotan loreak hirunaka ematen ditu, ni erdikoa utzi eta besteak kendu egiten ditut, fruitua handiagoa izateko. Hostorik ez duenean izotzak ez du kaltetzen. Bero egiten duenean ura behar du. Eta eguzkiaren beroarekin fruitua ere erre daiteke. Aurten hola zeuden batzuk, kiwi erdia erreta. 

8. Gaitzik izaten du?
Batere ez. Izotzak eta eguzkiak egiten diote kalte, besterik ez. 

9. Urtero ematen du fruitua?
Izotzak kalterik egiten ez badu, bai, urtero ematen du. Lore asko ateratzen du. 

10. Kiwiak nola kontserbatzen dituzue?
Toki fresko eta haizatu batean gorde behar dira. Batzuk saldu egiten ditugu, baina, bestela, apika, garilera arte izaten ditugu kiwiak. Batzuk hondatu egiten dira, sagarren modura, eta bota egin behar dituzu. 

11. Nola jaten dituzu kiwiak? 
Txuritu eta jan. Batzuek gutxi jaten dute, sabela asko arintzen duen fruitu bat delako. Urte batez marmelada egin genuen, baina ez genuen jan, eta azkenerako bota behar izan genuen. Erraza da egiten: txuritu, zatitu, azukrea gehitu, egosi eta ontziratu. Eskarola entsaladari ere bota dakioke kiwia, laranja bezala. Dadotxoak egin eta oso ona dago.