Ahizpa txapeldunak

Guaixe 2007ko martxoaren 16a

Helduen mailan Iera Agirre leitzarrak eta Saioa Aristorena etxarriarrak 30 eta 14 irabazi zieten Mezkirizko Maider Otaegi eta Luzaideko Judith Etxarriri. Irabazteaz gain, Argentinan txapelketa batean parte hartzera gonbidatu dituzte. Gazteen mailan, berriz, Dulantziko Garazi Suarezek eta Etxarriko Janira Aristorenak osatutako bikoteak jantzi zuen txapela, finalean Igantziko Ane Sainz eta Aurizko Miren Herrerari 30 eta 19 irabazi ondoren. Txapelketa Euskal Herriko Pilotarien Konfederazioaren txapelketa 3 mailatan jokatu da: kadete, gazte eta helduak. Aurrenekoan 5 bikote lehiatu dira, horien artean Amaia Zabaltegi hernaniarrak eta Enara Vesga etxarriarrak osatutakoa. Gazte mailan 4 izan dira lehiatu diren bikoteak eta haien artean zegoen, txapeldunez gain, Maria Gaskok eta Noemi Rodriguezek osatutakoa. Azkenik, helduen mailan eta 2 multzotan banatuta, 7 izan dira lehiatu diren bikoteak. Txapeldunekin batera Naroa Martinez eta Maialen Goia etxarriarrak ere lehiatu dira. Txapelketa Otsailaren 3an hasi zen. Oiartzun eta Dulantziko pilotalekuetan jokatu dira partidak. Lehenik, bikoteen arteko sailkapen liga eta ondoren final erdiak eta finalak.