Euskara teknikariek eskualde-buruetan lan eginen dute

Guaixe 2008ko urtarrilaren 8a

Sakanako Mankomunitatearen asmoa da euskara zerbitzua deszentralizatzea. Hala euskara teknikari bana izanen da Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Hiru herri horietatik, hurrenez hurren, Arakili, Aranazi eta Burundari zerbitzua emanen diete. Zerbitzuko 4. kidea itzulpen lanak eginen ditu. Arrazoiak Deszentralizazio horren bidez lortu nahi da "Sakanako udaletan, mankomunitatean eta haien menpeko erakundeetan euskara funtzionamendu eta zerbitzu hizkuntza izan dadin. Hori dela eta, udalek lehentasuna izango dute, haiek baitira herritarrekin harreman zuzen eta jarraitua dutenak. Gainera, horiek dira, neurri handi batean, mankomunitatearen sostengu eta baliabidez hornitzen dutenak". Araudi berrian jasotzen denez, batzar nagusiko boto sistema bera izanen da batzordean ere. Hau da, zenbat eta biztanle gehiago izan, orduan eta boto gehiago. Horretaz gain, onartutakoaren arabera, ibarreko eskualde bakoitzeko ikastetxe banak, euskaltegien ordezkari batek eta ibarreko euskalgintzako 3 ordezkarik izanen dute parte hartzeko aukera, baina ez boto eskubidea. Orain arte euskalgintzako ordezkariek 10 boto zituzten. Araudi berriarekin "udalen erabaki ahalmena berreskuratu nahi da". Bestalde, "Euskara Batzordearen helbururik garrantzitsuenetako bat: gizarte arlo guztietako eragileek (lan mundua, denda txikiak, aisialdi eta kultur elkarteak...) batzordean parte hartze zuzena izatea". Erabakia Ordenantzaren aldaketaren aldeko botoa eman zuen NaBaik (12), PSNk (2) eta Uharte Arakilgo ordezkariak. Kontra azaldu ziren, berriz, EAE-ANV (8), IUN-NEB (1) eta Arakil eta Arruazuko ordezkariak.