Lehen garaipena Rural Kutxarendako

Guaixe 2008ko maiatzaren 19a

Pablo Torres izan zen podiuma mustutzen lehena, larunbatean, XVI. Gorlizko Faroko Trofeoan, Euskaldun Txapelketarako puntuagarrian. Rural Kutxako txirrindularia bigarrena izan zen, Ismael Esteban irabazlearengandik 17 segundora. Hurrengo egunean, igandean, egutegiak Balmasedara bidali zituen txirrindulariak, San Rokillo Klasikara. Xabier Zabalo olaztiarrak hirugarren postuan zeharkatu zuen helmuga, Mariñelarena eta Mendigurenen atzetik, irabazlearengandik 1:13ra. Asteburua borobiltzeko, Arturo Ariñok podiumeko maila gorena zapaldu zuen Berga-Saint Boin, XXVII. Cursa del Llobregaten lasterketa irabazita. Rural Kutxako txirrindularia ihesaldian sartu zen, baina tropel nagusiak helmugan bertan harrapatu zuen. Hala ere, Ariño izan zen esprintean azkarrena, 177 kilometroko lasterketa egin ondoren. Denboraldiko lehen garaipena izan da Rural Kutxarendako eta ez da nolanahikoa, lasterketa Espainiako Koparako puntuagarria izanik, bertan bildu baitziren Estatuko txirrindulari onenak. Lehenago ere, Sakanako taldeak emaitza onak lortu ditu lasterketa honetan. Esaterako, iaz Mikel Nieve izan zen helmugan lehena.Patxi Mundiñano etxarriarra ere lasterketan honetan lehiatu zen. 13.a izan zen, irabazlearen denbora berarekin.