Zahoptxinek dio: Zatoz bertso eskolara!

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Bertso-zer?Bertso eskola. Ikastetxeko ordutegitik kanpo egiten den jarduera da. Bertso eskoletara joaten diren neska-mutilek bertsoen egituraketa, bertsogintzaren teknikak eta doinu ezberdinak ikasiko dituzte. Berdin gisan, garai bateko egungo bertsolariak ezagutuko dituzte. Horrela, edozein gairi buruzko bertsoak egiteko gai izanen dira. Bidenabar, euskarazko ahozkotasuna landu eta ikasgelatik kanpo euskara ere funtzionala izan daitekeela ikasiko dute.Beraz, bertso eskolek aukera emanen dute, hala nahi dutenei, bertsolaritzan sakontzeko. Izan ere, Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Bertsozale Elkartearen bidez, urtero bertsolaritza eskolan lantzeko programa garatzen du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Haren bidez, Irurtzungo Atakondoa, Lakuntzako Luis Fuentes, Urdiaingo Herri Eskola eta Altsasuko Zelandi ikastetxe publikoetako lehen hezkuntzako haurrek modu ludikoan ikasten dute inprobisazioaren nondiko norakoa. Zaletasuna izanez gero, orain klase orduetatik kanpo hura garatzeko aukera izanen dute. Izena ematea besterik ez da falta. Zahoptxin zain dute.