Bertso eskolak ezagutarazteko bertso saio ibiltaria

Guaixe 2007ko irailaren 27a

Ibarreko zenbait ikastetxe bisitatu zituzten asteazken goizean Oihane Perea, Sustrai Colina eta Arkaitz Goikoetxea bertsolariek. Ikastetxeetan bertsolaritza klaseak jasotzen dituzten ikasleak bertso eskolan izena ematera animatzeko asmoz antolatu zen bertso saio ibiltaria eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zegoen zuzenduta.Hirukoteak bisitatu zituzten ikastetxeak honakoak izan ziren: Altsasuko Zelandi ikastetxea, Iñigo Aritza ikastola, Aralarko Mikel Donea institutua, Urdiaingo Herri Eskola eta Andra Mari ikastola. Guztietan ere, haien burua aurkeztu eta gero, Oihanek eta Sustraik bertso saioa egin zuten. Baina, ikasleei parte hartzeko aukera ere eskaini zieten eta primeran pasa zuten. Bertsoa gogoko badute, ikasleek izena ematea besterik ez dute.Dagoeneko bertso eskolen lehen eguna zein izanen den zehaztuta dago. Lastailaren 4an, ostegunean, 17:00etan, Altsasuko Iortia kultur etxean hitzordua jarrita dago. Egun berean, baina 20:00etan, bertso eskolan parte hartu nahi dutenek Arbizuko udaletxean biltzeko deia dute.