Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baltasar Garzon epaileak dioenez, ETAk su-etena bertan behera utzi zuenetik espetxeratutakoek ez dute "biolentzia terroristarekin bukatzeko borondaterik" baizik eta "bere helburuak lortzeko laguntza ematea". Epailearendako "begibistan" gelditu da Batasuna eta ETAren arteko sintonia eta horregatik "ustezko delitu-jardueraren aurrean ezin da geldirik egon". Argudio horietan oinarrituta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak aginduta, pasa den ostegunean Seguran eta Olaberrian atxilotutako Batasuneko zuzendaritzako 23 kideetatik 17 Soto del Real kartzelan espetxeratu dituzte. MiaketaAtxilotu eta gero, ostiral goizean, Espainiako Poliziak Juan Kruz Aldasoro Etxarri Aranatzera ekarri zuen, bere etxearen miaketan presente izan zedin. Hura hasi aurretik, 09:30ean, Guardia Civila herriko biribilgunean kokatu zen. Ordu bat geroago ekarri zuten Juan Kruz, bildu ziren hainbat etxarriarren txaloak eta animuak jaso zituena. Anai bat eta ama lekuko zirela 3 orduz miatu zuten etxea eta ondoren eraman egin zuten. Juan Kruz Etxarrin izan zuten bitartean polizia indarren hedapena nabarmena izan zen herrian. ErreakzioakEuskal Herrian barna hainbat mobilizazio egin ziren mahaikideen atxiloketak salatzeko. Jakin ahal izan dugunez, Sakanan ere ostiralean hainbat bilkura egin ziren. Hala, Irurtzunen 35 pertsonek atxiloketengatik protesta egin zuten, Lakuntzan 40, Arbizun 56, Etxarri Aranatzen 150, Bakaikun 20, Iturmendin 27, Altsasun 50, Olatzagutian 40 eta Ziordian 30. Bestalde, mahaikideen atxiloketengatik larunbat gauean Altsasuko UGT eta PSNren egoitzaren kontra molotov koktelak jaurti zituzten. Erasoek eraikinaren fatxada eta ate nagusia belztu zituzten. Horretaz gain, Altsasuko Banco de Vasconia eta Banco Guipuzcoanoren bulegoak ere eraso zituzten. Prentsak zabaldu duenez, 10-15 ezezagunez osatutako talde antolatua izan zen erasoen egilea. Gertaerak Guardia Civila ari da ikertzen. UGT sindikatua, ohar baten bidez, bere Altsasuko egoitzak eta beste erakunde batzuk jasan zituzten erasoak kondenatu zituen. UGTrendako "kale bortizkeria ekintzok koakzioa eta izua baztertu eta haien ideiak, baldin badituzte, bide soilik politikoen bidez defendatzeko ETAren inguruak duen ezintasun eta gaitasun eza politikoa besterik ez dute erakusten".